"Euskaraldian Madrilen egongo naiz, baina sare sozialetatik euskaraz komunikatuko naiz"
Euskaraldira begira, hiriko hainbat pertsona ezagun elkarrizketatzen ari dira Donostiako Euskaraldiko sustatzaileak, eta Miren Arrieta Altolagirre aktore, dantzari eta abeslari donostiarra izan da azken elkarrizketatua. “Korkoiak ala usoak”, “Pintxopotea ze auzotan” eta antzeko ohiko galderez gain, esku artean dituen proiektuei buruz eta kulturaren egoerari buruz ere galdetu diote Arrietari.
Euskaraldiaren egunetan Madrilen egongo dela azaldu du, baina gaur egun sare sozialetatik asko komunikatzen denez, hor euskaraz aritzeko konpromisoa hartuko duela nabarmendu du. Era berean, Madrileko lagun euskaldunekin elkartzen denean, eurekin ere euskaraz egingo duela esan du.
Arrieta Donostiako Euskaraldiko bosgarren elkarrizketatua da, Donostiako Piratetako Maddi Peñaren, Donostiarra Arraun Elkarteko Alaitz Olarte arraunlariaren, Martin Zubimendi Realeko jokalariaren eta Zizta kolektiboko Ane Mendiluzeren ondoren. Bestalde, hedabide honek bermuta hartu zuen Arrietarekin joan den urtean, Hamabietan Bermuta atalean, eta elkarrizketa mamitsua argitaratu zuen.