"Oso hitz politak esan dituzte agintariek, baina ez dute ezertan lagundu"
Ostalariak haserre daude, eta ixtera behartzen badituzte, laguntza behar dutela aldarrikatu zuten asteburuko manifestazio jendetsuan. Garazi Otegi Cubiko arduradunak bere egoeraren eta sektorearen egoeraren berri eman digu.
Zein da ostalarien egoera une honetan?
Oso egoera larria bizitzen ari gara azken hilabeteotan. Konfinamenduaren ondoren ateak ireki genituenetik, gero eta neurri zorrotzagoak jarri dizkigute, eta oso zaila izan da lan egitea. Hori gutxi balitz, joan den ostegunean esan ziguten berriz ateak itxi behar genituela, beraz, egoera gero eta larriagoa da: alokairuak ordaindu behar ditugu eta beste gastu asko ditugu, eta diru-sarrerarik gabe ezin zaio horri aurre egin.
Zer eskatzen duzue?
Egoera larria da eta neurriak hartu behar dira, guztiz ados gaude. Ordea, neurriak hartzen badituzte laguntzak ere eman behar dituzte, bestela ez goaz inora.
Establezimenduak itxi behar izan dituzuen honetan, zer gertatuko da langileekin?
Langileei Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedientea egingo zaie berriz, baina zer gertatuko da autonomoak garenokin? Eta gastuekin zer egingo dugu? Gastu finko asko ditugu: hipotekak, alokairuak, argia, zaborrak, ura… Dena ari gara ordaintzen, ez digute ezer barkatu.
Eneko Goia alkateak asteburuan adierazi zuen udala prest dagoela ostalariak laguntzeko. Zer iruditzen zaizkizu bere adierazpenak?
Orain arte oso hitz politak esan dituzte agintariek, baina ez dute ezertan lagundu. Espero dugu oraingoan benetan laguntzea, bestela askok itxi egin beharko dugulako.
Gainera, hilabete asko daramatzazue egoera honetan, ezta?
Hiru hilabete egon ginen itxita, eta ireki genuenetik neurri jakin batzuekin egin behar dugu lan. Nire kasuan, esaterako, taberna txikia daukat eta mahai bakarra jarri dezaket; oso zaila da horrela lan egitea.
Lan karga handiagoa duzue orain?
Noski. Gehiago garbitu behar dugu eta polizia lana egin behar dugu denbora guztian. Zaila da, eta orain are zailagoa izango da, etxean egongo garelako. Izan ere, neurri horiekin guztiekin ere, irekitzen bazenuen diru pixka bat eramaten zenuen etxera, baina itxita egonda ez duzu ezer eramaten.
Zergatik hartzen dituzte horren neurri zorrotzak ostalaritzan?
Ez da justua. Argi dago egoera oso larria dela, baina amorrua ematen dit neurriak soilik ostalaritzan hartzea. Autobusak eta merkataritza guneak jendez beteta egoten dira, eta ez da ezer gertatzen. Neurriak hartu behar badira, arlo guztietan hartu behar dira.
Bezeroen babesa izan duzue azken asteotan?
Bezeroek izugarrizko babesa eman digute, beraiek gabe ez ginen aurrera aterako. Txalotzekoa da bezeroen jarrera, txintxo-txintxo portatu dira. Asteburuko manifestaziora bezero asko ere etorri ziren, beraiek ere nazkatuta daudelako. Izan ere, gure gizartean tabernara ez zoaz soilik ardo bat hartzera, hori baino askoz gehiago dira tabernak, behar ditugu.
Asteburuan manifestazio oso jendetsua egin zenuten Donostian. Zergatik antolatu zenuten mobilizazioa?
Mobilizazioa antolatu genuen ostalaritza oso egoera larria pairatzen ari delako une honetan, Eusko Jaurlaritzak hartu dituen azken neurriak direla eta. Horregatik, zerbait egin behar genuen agintariak konturatu daitezen ez direla gauzak ondo egiten ari. Horrela ezin dugu aurrera jarraitu.
Jendearen erantzunarekin pozik zaudete?
Oso-oso pozik gaude, jendetza inguratu zelako. Aurreko mobilizazioetan askoz jende gutxiago etorri zenez, uste genuen ez zela horrenbeste jende egongo.
Mobilizazioekin jarraituko duzue?
Mobilizatzen jarraituko dugu, irtenbide bat aurkitu arte.