San Martin auzoan azaroaren 11ko ospakizunak berreskuratuko dituzte
San Martin auzoaren izaera berreskuratu nahian dabiltza hango dendariak, eta auzoko ohitura zaharrak berreskuratuko dituzte asteazkenean, hilaren 11n. Hain zuzen, azaroaren 11 San Martin Eguna da, auzoaren patroia, eta garai batean egiten zen moduan, euren eguna ospatzeko jarduerak egingo dituzte. Izan ere, Donostiako Udaleko Txistulari Taldeak auzoko kaleetatik joko du 9:00etatik 11:00etara; San Martin parrokiatik aterako dira, eta hainbat geldialdi egingo dituzte. Era berean, garai bateko ohiturei eusteko asmoa zutenez, auzoko tabernak odolki pintxoak eskaintzekoak ziren, baina koronabirusaren aurka hartutako neurrien eraginez ostalaritza establezimenduak itxita daudenez, jarduera hori bertan behera utzi dute.
Bestalde, auzoaren logo berria aurkezteko ere aprobetxatuko dute San Martin Eguna. Iñigo Manterola artistak –auzoan dago bere galeria– diseinatu du, eta Convent Gardenen aurkeztekoak baziren ere, egoera dela eta, udaletxean aurkeztuko dute azkenean, udal batzar aretoan. Ekitaldia 12:00etan izango da, eta udaleko hainbat ordezkari izango dira, besteak beste, Eneko Goia alkatea.
Hedabide honek San Martin auzoa berpizteko egitasmoaren inguruko erreportaje zabala egin zuen irailean, auzoko hainbat dendarirekin hitz eginez: Ibon Etxeberriarekin, Karmele Eguesekin, Helena Hernandezekin eta Oihana Arnaizekin, hain justu.