Udal administrazioan 200 arigune sortu dira eta 600 langilek baino gehiagok eman dute izena Euskaraldian

Donostiako udal administrazioko langileek aurtengo Euskaraldian jarritako erronka berriari eutsi diote, eta 200 arigune sortu dituzte. Dagoeneko udaleko zuzendaritza, erakunde autonomo eta enpresa publikoetako 600 langilek baino gehiagok eman dute izena, bai taldean jarduteko bai indibidualki. “Haien eguneroko lan hizkuntza euskararen alde aldatzeko nahia erakutsi dute”, azaldu du udalak.
Duela bi urte baino 100 langile gehiagok eman dute izena oraingoz, ekainean Euskara Zerbitzutik abiatutako prozesua lagun. Azken hilabeteotan, beraz, ariguneak identifikatzen, langileen adostasuna lortzen eta izen ematea sustatzen aritu dira zuzendaritzaz zuzendaritza, atalez atal, batzordez batzorde, erakundez erakunde. Donostiako Prebentzio Su itzalketa Salbamendu zerbitzuan, esaterako, hiru arigune sortu dituzte, eta guztira 164 langilek eman dute izena.
“Datua oso pozgarria da, are gehiago aurtengo egoerak denon eguneroko bizitza eta lan egiteko era egokitu beharra ekarri duen garaian. COVID-19a euskararen normalizazioan geldiune bat izan da. Hartutako zenbait bide eta egitasmo etetera edo moteltzera behartu gaitu, modu berriak asmatzera bultzatu eta abar. Ulertzen dugu testuinguru honetan aurtengo Euskaraldia abagune ederra izan daitekeela denok helburu bati bultzada eman diezaiogun. Aukera ona inertzia egokiak berreskuratzeko edo esperientzia berri bat abiatzeko”, azaldu du Euskara zinegotzi Jon Insaustik.
Administrazioari euskararen normalizazioan eredugarri izatea dagokio; eta horretarako langileen eta ordezkarien parte hartze aktiboa nahitaezkoa denez, Euskaraldia eguneroko lan harremanetan helburu horri begirako tresna gisa ulertzen du udalak. “Lan hizkuntzan urratsak egiteko ariketa gisa; proba bat, erronka bat, banakakoa izanda ere kolektiboa”, adierazi du udalak.
“Gauden lekuan gaudela, dela modu birtualean edo aurrez aurre, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko unea da”, nabarmendu du Insaustik.