Donostiatruk azokak Intxaurrondo bisitatuko du larunbatean
Donostiatruk bigarren eskuko azokak auzoz auzo mugitzen jarraitzen du, eta Intxaurrondon izango da asteburu honetan. Larunbatean izango da, Sagastieder plazan, 10:00etatik 14:00etara.
Amarako Easo plazan egin ohi da Donostiatruk azoka, baina Donostiako Udala auzoz auzo eramaten ari da, eta lehen aldiz izango da Intxaurrondon. Hain justu, duela hiru aste Altzan izan zen azoka, eta joan den larunbatean Grosen. Horretaz gain, datozen asteetan Antiguan ere izatea aurreikusten da.
Betiko moduan, bigarren eskuko arropa, jostailuak, liburuak, eta bestelako objektuak erosi ahal izango dira postuetan. Hala ere, COVID-19a dela eta, segurtasun neurri batzuk errespetatu beharko dira. Besteak beste, postu gutxiago izango dira eta ezingo da arropa probatu ezta objektuak erosi aurretik ukitu ere. Bestalde, erositako objektuak bigarren eskukoak izango direnez, desinfektatu egin edo berrogeialdian utzi beharko dira.