Herri epaimahaiak aho batez onartu du Infernuko suteagatik auzipetutako gizona erruduna dela
2019ko martxoaren 1ean, goizeko 5:30ak aldera, sua piztu zen Infernua auzuneko pabilioi abandonatu batean. Herri epaimahaiak ebatzi duenaren arabera, auzipetutako gizonak su eman zion Zubiberri bideko pabilioi honi. Barruan bost pertsona zeuden. Horietako bat, goiko solairuan zegoen, eta ez zuen irtetea lortu; 49 urteko gizona “kiskalita” hil zen. Beste lauk, aldiz, atera ahal izan zuten, baina bi larri zauritu ziren: bata, lehiotik salto egiterakoan zangoa puskatu zuelako; bestea, kea arnastu zuelako.
Akusazio partikularra gizonaren neska lagun ohia da, eta 70 urte baino gehiagoko espetxe zigorra eskatu zuen. Izan ere, euren arabera, “mendekua” nahi zuen gizonak, neska lagun ohiaren bikote berria pabilioi horretan bizi baitzen —gau horretan han ez bazegoen ere—. Fiskaltzak 69 urteko zigorra eskatu zuen, hainbat delitu egotzita: hilketa, sutea eta mehatxuak, besteak beste.
Auziaren azken saioa ostiralean izan zen, eta defentsak delitu guztiak onartu zituen, baina espetxe zigor txikiagoa eskatu zuen: 30 urte baino gutxiagokoa. Herri epaimahaiak auzipetua erruduntzat jo ostean, bai akusazio partikularrak, bai fiskaltzak zigor eskaerak jaitsi zituzten. Ordea, 213.000 euroko kalte ordainak eskatu dituzte pabilioiaren jabearentzat, zaurituentzat eta hildakoaren sendiarentzat.
Epaiketa amaituta, auzipetutako gizona Martuteneko espetxera itzuli zen. Epaiaren zain daude orain.