Militarrek Loiolan jarraituko dute momentuz
Luke Uribe-Etxebarria senatari jeltzaleak duela bi aste Espainiako Senatuan aldarrikatu zuen Loiolako kuarteletako lursaila Donostiako Udalaren esku gelditzeko, baina Esperanza Casteleiro Estatuko Defentsa idazkariak gaur, hilak 10, azaldu du momentuz ez dela halakorik gertatuko, ez dutelako kuartelak kokatzeko lursail egokirik aurkitu. Udalaren aspaldiko aldarrikapena da Loiolako kuarteletako lursailarena, Urumeako ibarrean etxebizitzak egin ahal izateko. Horregatik, udalak Zubietako, Altondegi Garaiko eta hipikaren lursailak eskaini dizkio Espainiako Defentsa Ministerioari kuartelak lekualdatzeko alternatiba gisa, baina Casteleirok nabarmendu du lekualdaketa proiektu horiekin ez direla bermatzen kuarteletako militar guztien ongizatea eta segurtasun irizpide eraginkorrak.
Uribe-Etxeberriak azpimarratu du kuartelak “eragozpen urbanistiko, ekonomiko eta soziala” direla Donostiarentzat, eta salatu du handiegiak direla eta gutxi erabiltzen direla. Bestalde, duela bi aste egin zuen moduan, kuartelak “anakronismo” bat direla nabarmendu du. Casteleirok, aldiz, anakronikoak ez direla argudiatu du, indar armatuen funtzioak garatzeko “ezinbestekoak” direlako. Era berean, azpimarratu du, egoera “guztiz operatiboan” daudela. Horregatik, lekualdatzea berme guztiekin egin beharra dagoela azaldu du.
Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi du Casteleiroren hitzak ez direla albiste on bat, eta Espainiako Gobernuaren partetik borondate falta dagoela salatu du: “Eskaini zaizkien aukerak ez dituzte ontzat ematen alternatiba gisa. Gaurkoan entzundakoak adierazten du ez dagoela borondaterik gaur egun kuartelek duten lekua uzteko eta hiriari eskaintzeko. Gainera, gogoratu beharra dago udalbatza osoak aho batez egiten duen eskaria dela”.