Trafikoa ia erdira murriztu da Donostian asteburuan
Pandemiaren olatu berria gelditzeko ezarritako neurriek eragina izan dute mugikortasunean. Izan ere, urriaren 25ean ezarritako alarma egoeraz, eta urriaren 26an Eusko Jaurlaritzak iragarritako neurriez geroztik, asteburuetan jaitsiera nabarmena nabaritu da hiriko trafikoan. Bestela esanda, urriaren 25eko asteburuko zifrekin erkatuz, Donostiako trafikoa ia erdira murriztu da asteburu honetan. Zehazki, larunbatean zifra hori %47koa zen, eta igandean, berriz, %49,7koa. Euskal Autonomia Erkidegoko gainontzeko hiriburuen datuak ikusita, murrizketa handiena izan duen bigarren hiria da Donostia. Bilbo da lehenengoa, %65,5 gutxitu baita trafikoa Bizkaiko hiriburuan. Gasteiz hirugarrena da, %47ko murrizketarekin.
Hala ere, zifra hori ez da hain nabarmena astean zehar. Urriaren 26ko eta atzoko zifrak erkatuz, ikus daiteke trafikoa %14,1 gutxitu dela soilik. Kasu honetan ere, murrizketa handiena Bilbok jasan du, %19,3koa izan baita; Gasteizen, berriz, %12,4koa.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Departamentuak atzo iragarri zuen egunero-egunero zirkulazio egoeraren datuak argitaratuko dituztela, koronabirusaren pandemiaren bigarren olatu honi lotuta.