Alarma egoera dela eta, Donostiako hainbat hotelek ateak itxi dituzte aldi baterako
Alarma egoera dela eta, aurten ohi baino turista gutxiago etortzen ari dira Donostiara, eta duela gutxi ezarri duten alarma egoerarekin, are gutxiago etortzen ari dira orain. Horregatik, hainbat hotelek aldi baterako ateak ixteko erabakia hartu dute, Noticias de Gipuzkoa hedabideak argitaratu duenez. Era berean, hedabide berak asteazkenean jaso zuenez, Londres hotel ospetsua izan da erabaki hori hartu duen azken hotela, hiriko bisitari kopuru urria ikusita; abenduko Konstituzioaren zubira arte izango da itxita.
Turismoaren sektoreak urrian iragarri zuen urtea oso emaitza txarrekin bukatzea aurreikusten zuela, eta hala izaten ari da. Hain zuzen, denboralditik altutik kanpo Donostiak bisitari kopuru handia izaten bazuen ere, Gipuzkoako hedabidearen arabera, azken hilabeteotan, hiriko hotel gehienak %20ko okupazioa izaten ari dira gehienez, eta asko ez dira %10era heltzen ari. Horregatik, hainbat dira egoerak hobera egin arte itxi duten hotelak: Antiguako San Sebastian hotela, Londres hotela –jabe berdinen esku dagoen Zubieta kaleko Villa Favorita boutique hotelak irekita jarraitzen du, baina soilik asteburutan–, Casual hotelek, Astoria 7 hotelak eta Lasala hotelak, besteak beste.
Nahiz eta hainbat hotel aldi baterako ixten ari diren, aspalditik abian ziren beste hainbat hotel proiektuk azken hiru hilabeteotan ireki dituzte ateak, pandemia bete-betean: San Bartolome komentu zaharreko Catalonia hotelak, San Martin komentu zaharreko Zenit hotelak, Jai Alaiko Villa Eugeniak, Zubieta kaleko Villa Favoritak eta Frantzia pasealekuko Abba San Sebastianek, esaterako.