Ostalariei eta saltoki txikiei laguntzeko neurriak proposatu ditu EH Bilduk
Pandemiaren bigarren olatuak gogor kolpatu ditu ostalaritza eta saltoki txikiak. Pairatutako kalteei aurre egiteko, udal gobernuak duela aste batzuk iragarri zuen Ekonomia Suspertzeko Planaren bigarren fasean 1.038.970 euroko laguntzak bideratuko dituztela sektore honetara. Era berean, derrigorrezko itxiera dela eta, alkateak iragarri zuen ez zutela ez tabernetako hondakinen bilketa kobratuko, ezta terrazen gaineko zerga ere.
Neurriak ikusita, EH Bilduren ustez, udal gobernua ez da behar adina laguntzen ari. Izan ere, Ekonomia Suspertzeko Planaren bigarren fase honetan, udal gobernuak lehenengo fasean baino %33 gutxiago inbertituko dutela plazaratu du udal taldeak. Zehazki, 1.500.000 euro gutxiago izango dira, eta lehenengo fasearen balorazioa aurkeztu gabe. Gainera, EH Bilduk salatu du laguntza horien %1 besterik ez zela iritsi ekialdeko auzoetara. Era berean, zergei eta hondakinen bilketari dagokienez, hainbat tabernariri egun hauetan martxoa eta maiatza bitartean atzeratutakoa kobratu diete.
Egoera ikusita, EH Bilduren udal taldeak proposatu du, itxita egon diren bitarteko tasa eta zerga guztiak barkatzea ostalari eta saltoki txikiei, baita edukiera murriztapenak kontuan hartzea zergak horrekiko proportzionalak izan daitezen. Era berean, alkateari eskatu dio lokaletako jabeekin bitartekaritza lanak egitea. Izan ere, negozio askok alokairuak ordaindu behar dituzte, eta horiek murriztu ezean, zailtasunak dituzte aurrera egiteko. Bestalde, bi behar lotzeko proposamena jaso du: batetik, zaintza eta garbiketa alorrean aritzen ziren emakumeak —migranteak, kasu askotan— zailtasunak topatzen ari dira, hirugarren sektoreko kolektiboek jaso dutenez; bestetik, haur eta nerabeak zaintzeko zailtasunak topatzen ari dira familia asko. Zehazki, EH Bilduk proposatu du Donostia Sustapenaren bitartez etxeko langileen poltsa bat sortzea eta kudeaketa hirugarren sektoreko erakunde batek egitea, udalak kostuak asumituz. Azkeneko bi neurriak dira gizarte larrialdietarako laguntzak merkataritza bonoen bitartez kudeatzea, ekonomia zirkularra bultzatzeko, eta kudeaketa publikoko banaketa plataforma indartzea eta kooperatibagintza sustatzea, Ekonomia Suspertzeko Plana indartzeko.
.