Realak eta Bera Berak garaipenarekin bukatu dute jardunaldia
Asteazkenean jokatutakoa, jardunaldi ona izan da Realarentzat eta Bera Berarentzat, hiru puntu gehitu baitituzte bi talde donostiarrek. Hain justu, Logroño eta Reala aurreko partidetako emaitzak hobetzeko helburuarekin heldu ziren Las Gaunas zelaira –etxekoek 2-2 berdindu zuten Valentziaren aurka asteburuan, eta txuri-urdinek 1-2 galdu zuten Granadilla Teneriferen aura–, baina Natalia Arroyoren neskak 0-2 gailendu ziren.
Norgehiagoka 0-0 iritsi zen atsedenera, baina txuri-urdinek aurrerapauso bat eman zuten bigarren zatian, eta Maijaren bi golekin partida irabaztea lortu zuten: 70. minutuan sartu zuen lehenengoa eta 79. minutuan bigarrena. Horrela, Reala ligako laugarren postuan dago orain, eta Logroño 15. postuan. Txuri-urdinek Sporting de Huelvaren aurka jokatuko dute igandean, Zubietan, 18:15ean.
Eskubaloiari dagokionez, Bera Berak ere garaipena eskuratu zuen Valladolideko Aularen aurka, eta ligako lehen itzulia garaipenarekin ixteaz gain, lehenengo postuan bukatu du. Donostiarrek 35-25 irabazi zuten, eta ez zuten zailtasun handirik izan Valladolideko taldea garaitzeko.