Metroa gelditzeko eta lanek eragin dituzten kalteen ardurak argitzeko eskatu du martxa jendetsu batek
Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, hainbat herritar kalera atera dira protesta egitera. Proiektuak izango duen gainkostua salatu eta lanak bertan behera uzteko exijitu dute.
Ehunka pertsona manifestatu dira gaur eguerdian Donostian, ‘Zer gehiago gertatu behar da? Orain da unea: ardurak argitu, metroa behin betiko gelditu’ lelopean. Koldo Mitxelena Kulturunetik abiatuta, erdialdeko kaleak zeharkatu dituzte metroaren aurkako mezu, lelo eta pankartekin. Martxa jendetsua izan da, eta hiru lerrotan kokatu dira manifestariak. Koldo Mitxelena eta Bulebarraren arteko bidea bete dute protestarekin bat egin duten herritarrekin.
Mobilizazioaren bukaeran, Ana Gorostidi eta Marisa Urra bizilagunek irakurri dute Satorralaiaren mugimenduaren mezua. Metroa egiteko lanetan irregulartasun larriak izan direla eta 50 milioi euro inguruko gainkostua izango duela salatu dute: “Zubieta kaleko ezbeharraren ondorioz eta %80tik gorako gainkostuen ondorioz, lurpeko eraikuntza lanak eten egin behar izan dituzte. Gertaera hau eskandalagarria da. Lardaskeria itzel honen aurrean, ardurak argitu daitezela, eta jendartean deskreditu osoa bereganatzen ari den makroproiektu hau behin-betiko geldiaraz dezatela aldarrikatzeko manifestatu gara”.
Haien ustez, obran sortu diren arazo larriek proiektuaren “zentzugabekeria” egiaztatu baino ez dute egiten: “Metroaren proiektuan ez dute aintzat hartu Donostiako ibai-marea lur hareatsuetan eraikita dauden Erdialdeko eta Amarako lurpea desegonkortzeko arriskua, eta ezjakintasun izugarriarekin diseinatu da”. Gainera, kezka azaldu dute, alarma piztu duen egoera honen aurrean erakundeek agertu duten “ilunkeria” dela eta.
Bestalde, baliabide publikoen xahuketa “justifikaezina” dela salatu dute, are gehiago egungo krisi egoeran: “Hobe genuke dirutza horiek osasungintzan, hezkuntzan, etxebizitzan, zainztaren arloan, pentsioetan eta gizarte zerbitzuetan inbertitzea”.
Satorraiala bizilagunen mugimenduko kideek adierazi dute lanean jarraitzeko asmoa dutela, eta metroaren aurka borrokan jarraituko dutela. Herritarrak mobilizazioetara batzera deitu dituzte.