Bera Bera baserria berritu eta etxebizitza bihurtuko dute
Donostiako Udal Gobernuak baimendu du Aieteko Bera Bera baserria berritzea, eta lau edo sei etxebizitza egokitzea bere barruan. Urriko udalbatzarrean onartu zen lursaila eraldatzeko promotoreek aurkezturiko hirigintza proiektua. Etxebizitzekin batera, baserri ondoko belardiaren azpian aparkaleku bat eraikitzeko baimena eman du udalak.
Plan Orokorraren irizpidearen arabera, aparkalekua eraikinaren azpian eraiki behar da, baina proiektuaren promotoreek baserriaren azpian jartzea baztertu dute eraikinean kalterik ez eragiteko. Hain zuzen ere, C mailako babesa du baserriak Hiriko Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezian (HOEBPB).
300 urte baino gehiago
Aieteko inguruari izena ematen dion baserria da Bera Bera. 300 urte baino gehiago ditu, eta urteak daramatza hutsik. 800 metro karratuko solairua du, eta egurrezko egitura mantentzen du. 1970eko hamarkadan eraikina berritu zuten, baina azken urtetan okerrera egin du bere egoerak.