Ernesto Gascok sexu abusuak jasan zituen haurra zela Donostiako eskola erlijioso batean
Ernesto Gasco PSE-EEko zinegotziak urte askoan gorde duena publiko egin du. 8 edo 9 urte zituenean, sexu abusuak jasan zituela kontatu dio Efe agentziari elkarrizketa batean. Donostiako eskola erlijioso batera zihoan Gasco, eta hango apaiza batek egin zizkiola plazaratu du. “Lehenengo aldiz erabaki dut kontatzea, orain arte ez dut egin. Oso txikia nintzen, 8 edo 9 urte izango nituen, eta adin horrekin oso zaila da ondo edo gaizki dagoen jakitea eta salatzea, nora jo jakitea”, kontatu du.
Gasco hainbat urtez aritu da Donostiako Udalean politikari lanetan. Alkateorde izan zen 2015-2019 legealdian, eta kargua berritu zuen iaz. Martxoan, berriz, udala utzi zuen eta Haur Pobreziaren Kontrako Borrokarako goi mandatari izendatu zuten Espainiako Gobernuan. Ostiralean, Umeen Nazioarteko Eguna da, eta testuinguru horri lotuta egin ditu adierazpenak, hain zuzen.
Gertatutakoa kontatuz, egoera berdinean daudenei lagundu nahi die politikariak: “Adingabe denei esaten diet beldurrik ez edukitzeko, ez dagoela ondo: heldu batek haiekin jolastu nahi duenean, ezin da edozertan jolastu, eta salatu dezatela”. Horrez gain, kargu publiko gisa, bere erantzukizuna azpimarratu du: “Kargu garrantzitsu bat daukat, eta armairutik atera nintzenean bezala, uste dut publikoki adierazteak orain gaizki pasatzen ari direnei lagun diezaiekeela”.
Bere kasuan, badaki apaizak ez duela zigorrik izango. “57 urte dauzkat, 50 urte pasatu dira. Jada ez da delitua, eta ez da izango lege berriarekin ere —preskribatuta egongo litzateke—. Nire bizitzatik aparte utzi nuen, aurrera egin ahal izateko, gertatu izan ez balitz bezala”. Hala ere, etorkizunean egoera aldatu daiteke. Hain justu, Espainiako Kongresuan lege bat tramitatzen ari dira sexu abusuak jasan dituzten adintxikikoak babesteko. Besteak beste, delitua preskribitzeko epea biktimak 30 urte betetzen dituenean hasiko litzateke kontatzen, eta ez 18 urte betetzen dituenean, orain arte bezala. Gascoren ustez, “oso lege garrantzitsua da, indarkeria edo sexua abusuak jasan dituzten umeei salatzeko leku bat izatea ahalbidetuko dielako”.