"Gure taberna arigune izanda, euskaraz hitz egiteko aukera eman nahi genien herritarrei"
2018ko Euskaraldian egin zuen moduan, Aitor Rubio Lertxundi Egiako La Tabernako aurtengoan ere parte hartuko du. Bere tabernak arigune izan behar zuen, baina koronabirusaren aurkako neurriekin ostalaritza establezimenduak itxi dituztenez, norbanako gisa baino ezin izango du parte hartu, 'belarriprest' moduan.
Arigune izan behar zenuten aurtengo Euskaraldian, ezta?
Bai. Euskara sustatzeko hartu genuen arigune izateko konpromisoa. Izan ere, niri eta ni bezalako pertsonei kostatzen zaigu euskara arin hitz egitea, eta Euskaraldiaren moduko egitasmoekin, gure hiztegia zabaltzen dugu eta gehiago hitz egiteko ohitura hartzen dugu. Horregatik, gure taberna arigune izanda, euskaraz hitz egiteko aukera eman nahi genien herritarrei. Beti saiatzen gara lehenengo hitza euskaraz egiten, baina Euskaraldian are gehiago. Izan ere, euskaraz hitz egiteko lotsa alde batera uzteko balio du egitasmoak.
Nolakoa da La Tabernako langileen euskara ezagutza?
Euskara gutxi gora-behera hitz egiteko gai den bakarra ni naiz. Bestalde, asteburuetan sukaldean lan egiten duenak ere badaki, beste lankide bat nafarra da eta oinarrizkoa ulertzen du, eta bestea kubatarra da, eta ez daki euskaraz. Hala ere, nahiz eta nik ez dudan oso ondo hitz egiten euskaraz, gustatzen zait esfortzua egitea eta jendea euskaraz hitz egiten entzutea tabernan
Barne eta kanpo ariguneak zenituzten?
Barne arigunea izan zitekeen sukaldariaren eta nire artekoa, biok bakarrik gaudenean euskaraz hitz egin ohi dugulako. Ordea, kubatarra etortzen bada, adibidez, gaztelaniara pasatzen gara. Hala ere, kubatarra saiatzen da pixkanaka euskarazko hitzak eta esaldiak ulertzen.
Nolakoa da zuen bezeroen ezagutza maila?
Denetarik dago, mota guztietako jendea sartzen baita. Segur aski, asteburutan euskara gehiago entzuten da tabernan.
Koronabirusaren aurkako neurri berriekin, ordea, itxita dago taberna. Beraz, ezin izango zarete arigunea izan, ezta?
Pena da, baina ez. Saiatuko gara norbanako gisa Euskaraldian parte hartzen, baina, egia esan, burua tabernaren egoera ekonomikoan daukat gehienbat.
Aurreko Euskaraldian parte hartu zenuten?
Bai, eta esperientzia polita izan zen. Egia esan, tabernako giroa antzekoa zen Euskaraldian eta Euskaralditik kanpo, baina mugimendu berezi bat nabaritzen zen.