Hirian orduko 30 kilometroko muga ezartzeko asmoa du udalak
Hiriguneetako errepideen abiadura mugatzen duen dekretua onartu berri du Espainiako Ministroen Kontseiluak. Ondorioz, Donostiako Udalak hiriko bideen abiadura mugatu beharko du, eta horretarako prest dago. Horrela, orduko 30 kilometroko muga ezarriko du hirian, bi errei dituzten bide batzuetan izan ezik. Horietan, muga gehienez orduko 50 kilometrokoa izango litzateke. Udaleko sei hilabeteko epea dute dekretua aplikatzeko.
Orduko 30 kilometroko muga dagoeneko ezarrita dago hiriko hainbat auzo eta kaleetan. Besteak beste, Egia, Bentaberri, Antigua, Gros, Erdialdea eta Amara Berriko kale askok orduko 30 kilometroko muga dute. Beste auzo batzuetan seinaleak jarri ez badituzte ere, abiaduraren muga 30 kilometrokoa dela dio udalak. Mugikortasun zinegotzi Pilar Aranak aurreratu du hiriko kaleen ezaugarriak aztertzen ari direla, baina aipaturiko muga hiriko kaleen %90etan jartzea da helburua.
Aipaturiko dekretuak, udalaren lan egiteko modua aldatuko du. Izan ere, errei bakarreko bide guztietan orduko 30 kilometroko muga ezarri beharko da, eta 20 kilometroko muga galtzada eta espaloia duten plataforma bakarreko bideetan. Aldiz, noranzko bakoitzeko bi errei edo gehiago dituzten bideetan mantendu ahal izango da gehienezko orduko 50 kilometroko abiadura.