Sahararen askatasuna aldarrikatu dute ehunka herritarrek Donostian
Mobilizazio jendetsua egin dute Saharako herriaren alde, eta Donostiako kaleak aldarrikapenez bete dituzte; Marokoko eta Espainiako Estatuak seinalatu dituzte. Era berean, larunbatean berriz mobilizatzera deitu dituzte herritarrak.
Askapenak, Komite Internazionalistak, Diasporak eta Saharako herriaren aldeko hainbat elkartek deituta, ehunka herritarrek elkartasuna adierazi diote Saharako herriari Donostian, Marokoko armadak, 29 urteko su etena hautsiz, joan den astean egindako erasoaren ostean. Hain zuzen, horri erantzuteko, Fronte Polisarioak armak hartu ditu berriz.
Sahararrak haserre eta nazkatuta daude euren herrialdeak duela hainbat hamarkada bizi duen ezegonkortasun egoerarengatik, eta hala adierazi dute Donostiako kaleetan: “Marokoko erreinua da Saharan bizi den indarkeriaren erruduna, eta Espainiako Estatua da azken hamarkadotan gure herrialdean izandako ezegonkortasunaren arduraduna”, adierazi dute; gogoratu behar da ofizialki, Mendebaldeko Sahararen kudeaketa Espainiako Estatuaren eskuetan dagoela oraindik. Era berean, Nazio Batuen Erakundeari ere erantzukizunez jokatzeko eskatu diote. Manifestazioa Bulebarretik abiatu da eta leku berean amaitu da, eta ibilbide guztian zehar protesta zaratatsua egin dute, Sahararen askatasuna aldarrikatuz eta Marokoren eta Espainairen jarrera salatuz. Bestalde, larunbatean berriz mobilizatuko direla iragarri dute: 12:00etan egingo dute protesta, Bulebarrean.
Hassanna Aalia sahararra 2011tik bizi da Euskal Herrian, eta Marokoko armadaren erasoa salatu du: “Duela hiru egun arte, su etena zegoen Saharan, baina Marokoko militarrek su etena hautsi zuten, manifestari saharar baketsuen aurka. Ordutik, gerra egoeran dago Sahara”. Era berean, Euskal Herritik nola bizi duten ere azaldu du: “Hemendik, oso kezkatuta gaude gure herriaren egoerarekin, Maroko herritarrak gaizki tratatzen eta hiltzen ari delako”. Horregatik, mobilizazioekin bat egitera deitu ditu herritarrak: “Euskal herritarrak hainbat herritan antolatzen ari diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu, Saharan bizitzen ari den gatazka oso larria delako”.