Euskaraldia Donostiako auzo gehienetara iritsiko da
Ostiralean hasiko da Euskaraldia, eta egitasmoaren bueltan azaroaren 20tik abenduaren 4ra Donostian izango diren kultur ekitaldien berri eman dute Maddi Juanikorena Bagera elkarteko kideak, Jon Insausti Euskara eta Kultura zinegotziak eta auzo batzuetako euskara batzordeetako ordezkariek. Azaldu dutenez, euskarazko 75 kultur ekitaldi izango dira Donostian, hamabost auzotan banatuta: Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Añorgan, Antiguan, Egian, Grosen, Igeldon, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen, Morlansen eta Parte Zaharrean, hain justu. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Bagera Euskaltzaleen Elkarteak eta auzoetako euskara batzordeek antolatu dituzte jarduerak, Donostia Kulturaren laguntzarekin.
Insaustik nabarmendu du Donostian “apustu sendoa” egin duela urte guztian zehar hirian askotariko kultur ekitaldiak izateko, “baita pandemia garaian ere”. Euskaraldia dela eta, bide beretik jarraituko dutela adierazi du, eta “euskaraz ere” kulturaz gozatzera animatu ditu donostiarrak. Era berean, koronabirusa dela eta, kultur jardueretako ikusle kopurua mugatua izango denez, zinegotziak nabarmendu du ekitaldietako asko Euskara Zerbitzuaren Youtubeko kanalaren bitartez jarraitu ahal izango direla, zuzenean.
Aurtengo berritasuna ariguneak dira, eta zinegotziak azpimarratu du iaz ariguneen figuraren proba egin zutela Intxaurrondon: “Gogoratu behar da hiria, kasu honetan Intxaurrondo auzoa, 2020ko Euskaraldirako laborategi izan zela, eta hori oso garrantzitsua da”.
Bestalde, Juanikorenak gogoratu du Euskaraldian norbanako gisa –ahobizi edo belarriprest gisa– parte hartzeko izen-emate epea ostegunera arte, hilaren 19ra arte, izango dela zabalik: “2018ko Euskaraldian parte hartu zutenak eta gainontzeko herritarrak izena ematera animatu nahi ditugu, baita txapak jasotzera eta soinean eramatera ere”. Hala ere, nabarmendu du Euskaraldiaren webgunean ere eman daitekeela izena. Azaldu duenez, Aiete, Casares, Egia, Ernest Lluch, Etxarriene, Intxaurrondo, Itsas Arrue, Larrotxene, Lugaritz eta Okendo kultur etxeetan jaso daitezke txapak, baita Benta Berri eta Bidebieta kiroldegietan, Koldo Mitxelenan, Bagera elkartean, Añorgako Jolas Etxean, Kontadores Zentroan eta Euskara Zerbitzuaren bulegoetan (Konstituzio plazan) ere. Horretaz gain, aste honetan txapak jasotzeko eta izena emateko mahaiak jarriko dituzte Martutenen, Añorgan eta Morlansen.
Era berean, Juanikorenak azpimarratu du ostegunean, hilaren 19an, haima bat jarriko dutela Gipuzkoa plazan, 11:00etatik 18:00etara, txapak jasotzeko eta izena emateko. 13:00etan agerraldia egingo dute haiman bertan, eta Donostiako ahobizien eta belarripresten argazkia egingo dute.