Kalitatezko zaintza publikoa eskatzeko manifestazioak Erdialdea hartu du
Zaintza arloko langileek greba egin dute. Lehen aldiz, zaintzaileak ez ezik, azpikontratatutako enpresetako langileek bat egin dute grebarekin, hala nola sukaldariek eta garbitzaileek.
Zaintza arloko langileek greba egin dute gaur Euskal Herrian, kalitatezko zaintza publikoak aldarrikatzeko eta euren lan baldintzak hobe ditzaten eskatzeko. Lehen aldiz, zaintzaileak ez ezik, azpikontratatutako enpresetako langileek bat egin dute grebarekin, hala nola sukaldariek eta garbitzaileek. Donostian, egoitzen aurrean elkarretaratzeak egin dituzte goizean, eta 11:00etan Alderdi Ederren bildu dira, handik abiatu baita manifestazioa. Ondoren, Hernani kaletik eta Gipuzkoa Plazatik igaro da, eta Bulebarrean bukatu da.
Maia Beitia ELA sindikatuko kideak “egun historikotzat” jo du gaurkoa. Izan ere, “zaintzak bere osotasunean kalera atera dira” lehen aldiz. Era berean, “sistema hau oso ankerra dela” salatu dute, “diru publikoarekin negozio pribatu bilakatu dutelako, zaintzen kalterako”. “Koronabirusak hiltzen du, baina sistema honek ere”, nabarmendu dute. Besteak beste, langile falta dagoela, ratioak eskasak direla, eta horren ondorioz, lan karga handiak direla azaldu dute. Gainera, “egutegiak jasanezinak dira, 365 egun 24 ordutan lan egiteko prest egotea eskatzen baitiete” eta ez “lan osasunari” ezta “alderdi psiko-sozialari” ere neurririk ez dela hartzen adierazi dute. Aipatutako arrazoi guztiengatik, “negozio pribatua amaitu” eta “irabazi horiek benetan zerbitzuaren ongizaterako itzultzeko” eskatu dute, “zaintzak duinak izan daitezen benetan baliabide material eta pertsonal guztiak jartzeko”. “Pandemia garaian oso oso gaizki pasatu duen jendeak beraien kalte horiek paliatzeko neurriak hartu daitezela”, bukatu du.