San Tomas eguna eta Gabonetako ospakizunak egokituko ditu udalak
San Tomas egunean ez da jairik izango, eta Kursaalen ez dute Gabonetako parkea egingo.
Gabonak beste modu batera ospatu beharko direla esan du Eneko Goia alkateak, pandemia egoerara egokituta. San Tomas egunean ez da jairik egingo, eta, beraz, ez da ez posturik ezta azokarik ere jarriko. Lehiaketak ere ez dira egingo, soilik Euskal Herriko Txistorra Txapelketa, eta ateak itxita egingo dute, Basque Culinary Center-en.
Gabonetako argiak azaroaren 27an piztuko dira, eta Gabonetako azoka ohiko tokian egingo dute, Frantziako pasealekuan. Ordea, postuen erdiak jarriko dituzte, eta ez da janari posturik izango. Goiak zehaztu du noranzko bakarreko gunea izango dela, eta, beraz, sarrera eta irteera bakarra izango duela. Azken bi urtean Alderdi Ederren jarri duten noria erraldoia ez dute jarriko.
Kursaalen ez dute Gabonetako parkea egingo, eta bestelako programazioa egongo da: zinema, tailerrak, antzerkia, zirkua… Guztiak ere egoerara egokitutako jarduerak.
Olentzero eta Errege Magoak
Errege Magoen eta Olentzeroren desfilerik ez da izango, baina alkateak esan du ume guztiek izango dutela eskaerak egiteko aukera. Laster bideo baten bidez azalduko dute nora bidali behar diren gutunak. Eskuz idatzita zein posta elektroniko bidez bidaltzeko aukera izango da. Hirian Olentzerori gutunak bidaltzeko postontziak jarriko dituzte, eta aurreko egunetan galtzagorriak joango dira ikastoletara. Horrez gain, abenduaren 23an eta 24an Antzoki Zaharrean emanaldiak izango dira, eta Olentzerok eta Mari Domingik parte hartuko dute.
Errege Magoak ere etorriko dira Donostiara. Olentzerok bezala, modu birtualean jasoko dituzte gutunak. Desfilerik ez dute egingo, eta horren ordez, urtarrilaren 5ean Illunben emanaldi batzuk egingo dituzte Erregeak ikusi ahal izateko. Halaber, helduen egoitzei ere keinu bat egingo dietela aurreratu du Eneko Goiak.