ETSko zuzendaria metroaren lanen enpresa adjudikaziodun bateko gerentea izan zen
Urriaz geroztik Ernesto Martinez de Cabredo da Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoaren zuzendaria. Aldiz, Donostiako Metroaren lanen lehen zatia 2012an Amenabarri adjudikatu ziotenean, eraikuntza enpresako gerentea zen. Naiz-eko Ramon Sola kazetariak eman du Martinez de Cabredoren iraganaren berri.
Zubieta kaleko bigarren zuloaren harira, ETSko zuzendariak lehen adierazpenak egin zituen atzo. “Gertakari hau ekainaren 5ean Zubieta 8. eraikinaren beheko aldean ireki zen zulotik metro gutxira gertatu da, eta horren ondorio dela uste dugu. Zain asko duen arroka da, ur asko sortzen du, eta ur horrek, batzuetan, hondarra bera ere mugitzen du”, azaldu zuen.
Zuloa tapatzeko prozeduraren xehetasunak ere eman zituen: “Egoera hori mortero-esnearen injekzioen bidez kontrolatzen ari gara, lurra sendotzeko eta trinkotzeko. Orduan, hondar mugimenduak izan ziren, eta, logikoa denez, horrek ondorioak izan ditzake gerora, orain ikusi duguna bezalakoak, baina neutralizatzen ari gara”. Zubietako kaleko eraikinen kontrola egiten ari direla gaineratu zuen. “Mugimendu guztiak kontrolatzen ditugu, zimenduei eragin diezaikeen guztia, eta ez da inolako eraginik izan”.
Iragan hurbila
Iñaki Arriola Garraio sailburuak izendatu zuen Martinez de Cabredo ETSko zuzendari. Dena dela, duela gutxi arte URA Euskal Agentziako presidentea izan da, eta Zaldibarko luiziaren kasuarekin lotura zuzena izan zuen. URAko arduraduna zenean Zaldibarko zabortegiaren afekzio batzuk minimizatu zituen, eta Gara egunkariak Verter Recycling zabortegiaren enpresa kudeatzailearekin zuen harremanaz ohartarazi zuen. Izan ere, Ignacio Barinaga da enpresa horren arduraduna, eta Martinez de Cabredorekin lotura enpresarialak ditu. Zehazki, Zubiarte S.L. enpresako presidentea izan zen, eta Barinaga administratzailea.