Euskaraldiko asteburuko kultur jarduerak, auzoz auzo
Euskaraldia ostiralean, hilaren 20an hasiko da, eta abenduaren 4ra arte askotariko kultur jarduerak izango dira Donostiako auzoetan. Asteburuan, esaterako, euskarazko hainbat ekitaldi antolatu dituzte auzoetan.
Aieten, Asterix: edabe magikoaren sekretua haurrentzako filma izango da kultur etxean, larunbatean, 17:00etan. Altzako Larratxo Kultur Etxean, Garaiz. 60 t.m dantza ikuskizuna egingo dute ostiralean, 20:00etan, eta Kim magoaren ikusikizuna larunbatean, 18:00etan. Antiguako Lugaritz Kultur Etxean, Kottondarrak antzezlana izango da larunbatean, 18:00etan. Egian, Txirri, Mirri eta Txiribitonen Bart, non ote nintzen? haurrentzako obra izango da larunbatean, Gazteszenan, 17:30ean. Intxaurrondon, ostiralean hasiera ekitaldia egingo dute kultur etxean, 19:00etan, eta Sara Zozayaren kontzertua izango da larunbatean, leku eta ordu berean. Azkenik, Amarako Arma plazan batukada izango da larunbatean, 12:00etan.
Jarduera horietaz gain, beste asko antolatu dituzte hiriko hamabost auzotan –guztira, 75 ekitaldi izango dira Euskaraldian zehar Donostian–. Auzoz auzoko egitarauak asteartean aurkeztu zituzten udaletxean, eta aurkezpeneko albistean kontsultatu daitezke.