Intxaurrondoko eraikin batzuetako energia eraginkortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko proposamenak bultzatuko ditu udalak
Donostiako Udalak, Etxegintza Etxebizitzako Enpresa Erakunde Publikoaren bidez, AGREE Europako Proiektuan parte hartuko du, bizitegi eraikin pribatuen energia erarginkortasuna, irisgarritasuna eta bizigarritasuna hobetzeko helburuarekin. Udalak Intxaurrondoko hainbat eraikin hautatu ditu proiektuan parte hartzeko: Luistarrak kaleko 1etik 15era, 17tik 37ra, 39tik 41era eta 43a; eta Gaztelu kaleko 1etik 27ra eta 29a.
Eraikin horietako etxebizitzetako egoiliarrei baldintza ekonomiko onuragarriak eskaintzea eta energiaren fakturan aurreztea du helburu proiektuak, horretarako, etxebizitzak birgaituz, fatxadak hobeto isolatuz, barne erosotasuna hobetuz, irisgarritasuna hobetuz (besteak beste, igogailua instalatuz) eta auzoaren itxura orokorra berrituz. Ildo horretatik, Etxegintzak esku hartze posibleak aztertu eta proposatuko ditu, baita laguntzak eman ere.
Egun hauetan, udala gutunak bidaltzen ari da etxebizitza horietara, proiektuari buruzko azalpenak emateko. Horrela, azalpenak jaso ondoren, proiektuan parte hartu nahi duten bizilagunen komunitateek 943-41 39 22 telefono zenbakira deitu beharko dute, eta informazio gehiago jasoko dute.