"Oso emakume erretratugile onak izan dira, baina emakumeak zirenez, ez dira oso ezagunak"
Ana Maria Parra Gomez (Ategorrieta, 1928) artista donostiarrak bizitza guztia darama margotzen, eta bere estudioko leihotik Donostia nola aldatu den ikusi du. Bere ibilbidea errepasatu dugu, berarekin egindako elkarrizketa sakon batean. Pinturarekin nola hasi zen kontatu du, egindako lana errepasatu du, hainbat bitxikeria kontatu ditu eta Donostiako kultura ere izan ditu hizpide. Era berean, XX. mendean emakume artista izatea nolakoa zen azaldu du. Elkarrizketa osoa ostiralean izango da irakurgai paperezko astekarian eta 'Irutxulo.hitza.eus' webgunean, baina, bitartean, hemen duzue aurrerapen txiki bat.
Zein esango zenuke dela zure ibilbidean egin duzun gauzarik garrantzitsuena?
Nire bizitzan egin dudan gauzarik garrantzitsuena erretratuari buruzko hitzaldi bat izan da, San Telmo Museoan. Museoaren Lagunek koadro jakin bat aurkezten dute hilabetero museoan bertan, eta koadroari buruzko hitzaldia egiten dute; autorea bizirik badago, berak ematen du hitzaldia. Montserrat Fornells arte historialariak beti esaten zidan nik hitzaldi horietako bat egin behar nuela, eta urtebete pasa nuen hitzaldia prestatzen. Lehen aipatu dizudan koadro hori aurkeztu nuen, museoko biltegietan kolorea galdu zuena, eta erretratu horretaz gain, orokorrean erretratuari buruz hitz egin nuen. Erdi Aroko erretratuetatik hasi nintzen, eta asko hitz egin nuen [Diego] Velazquezi eta Tizianori [Vecellio] buruz. Era berean, emakume erretratugileen inguruan aritu nintzen, ez dutelako inoiz jaso merezi zuten aitorpena. Inpresionismoaren garaian hasi ziren emakumeak pixkanaka garrantzia hartzen, eta, besteak beste, Tamara Lempicka izan nuen hizpide. Izan ere, oso emakume erretratugile onak izan dira, baina emakumeak zirenez, ez dira oso ezagunak. Horretaz gain, erretratuak egiten modeloekin izan ditudan esperientziak kontatu nituen.
Gutxi dira historian zehar aitortza jaso duten emakume margolariak. Nolakoa zen XX. mendean emakume artista izatea?
Nik ez dut diskriminazio handirik nabaritu inoiz, egia esan. Gizonek eta emakumeek parte hartzen genuen erakusketa kolektiboetara obrak bidali izan ditut, eta oso kritika onak jaso izan ditut Alvarez Enparantzaren [Juan Luis] eta Edorta Kortadiren partetik, besteak beste. [Momentu honetan, bere alaba Sofia Arostegi Parrak zera esan zion: «Agian ez duzu diskriminaziorik nabaritu bere horretan, baina kexatu izan zara Euskal Herriko arteari buruzko liburuetan zurekin ikasi zuten eta zurekin batera erakusketak egiten zituzten gizonezko artistei buruz hitz egiten delako, eta zuri buruz ez. Azken finean, emakume izateagatik denbora gehiago egon zara etxean, eta transmisioan gizonen ibilbidea gelditu da; jendeak askoz gehiago ezagutzen ditu gizonezko artistak zu baino eta beste emakumezko artistak baino»]. Bai, hori egia da, transmisioan askoz presentzia handiagoa dute gizonek. Hala ere, ni ez naiz beste artista batzuk bezain beste mugitu, horrek ere eragina izango zuen.
Euskal Herrian oso ezagunak dira zure garaikideak izandako hainbat artista: Jose Luis Zumeta, Tomas Hernandez Mendizabal, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, eta abar. Harremana izan duzu beraiekin?
Bai. Neure burua euren lankidetzat eta laguntzat izan dut beti, segur aski, eurek ni baino gehiago. Adibide bat jartzearren, Zumetak ez zidan inoiz deitu, baina berak nire alabari behin baino gehiagotan esan zion nire obra ezagutzen eta miresten zuela. Niri, ordea, ez zait aitorpen hori iritsi. Hala ere, harremana izan dut belaunaldi horretako askorekin, noski. Tomas Hernandezekin, esaterako, harreman handia izan dut beti, besteak beste, biak oso kritikoak garelako San Telmo Museoarekin. Julio Garcia Sanzekin ere oso ondo eraman izan naiz beti. Azken horrek, esaterako, erretratuak utzi zituen, esaten zuelako asko sufritzen zela erretratuak egiten; ‘zure senarrak ez du dirua nahikoa irabazten? Zertarako egiten dituzu erretratuak?’, esaten zidan txantxetan.