Pandemiaren ondoriozko neurriengatik, euskal presoen seme-alabak "umezurtz" daudela salatu du Sarek
Ostiralean Adingabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna da, eta euskal presoen seme-alaben egoerak pandemiarekin okerrera egin duela salatu du Sarek gaur goizean Donostiako Ekogunean. Xochitl Karasatorrek eta Hize Anduezak hartu dute hitza; Karasatorrek 26 urte ditu, eta 7 urte dituenetik darama Castelloraino joaten bere aita ikustera. Anduezak, aldiz, 11 urte ditu, eta 3 urte bete zituen arte aitarekin eta amarekin bizi zen kartzelan. Ondoren, amarekin atera zen kartzelatik, baina aita Murtziako kartzelan gelditu zen; orain, 20 urteko kartzela zigorra bete ondoren, Bizkaira lekualdatuko dute, hiru hilabeterako. Dispertsioa dela eta, haur motxiladunen egoera berez gogorra dela adierazi dute, baina pandemiarekin, are gogorragoa dela salatu dute. Horregatik, patinetearen irudia erabili dute: “Trenak, kotxeak edo eta hegazkinak ordezkatuko dituen patinetea. Motxiladun umeak haien aita, ama edo biak bixitazera joateko bidaia patinetez egiteko eskubidea dutelako. Hori izango delako etxetik gertu daudenaren seinale”.
Hizlariek gogoratu dute Giza Eskubideen Europako Auzitegiak dioela guraso espetxeratuak dituzten haurrek gainontzekoek dituzten eskubide berak dituztela, eta, horregatik, “funtsezkoa” dela “espetxe agintariek presoei hurbileko familiarekin harremanetan egoteko erraztasunak ematea, familia bizitzarekiko errespeturako eskubidea bermatzeko”. Estatuek ere zeresana dutela gaineratu dute: “Ezin dugu ahaztu edozein estatuk adingabeekiko duen betebeharra haien eskubideak babestea dela; horretarako beharrezkoak diren bitarteko praktiko eta eraginkorrak erabiliz, giza eskubideen izaera integrala kontuan hartuta”.
Horren harira, Espainiako Estatuan “motxiladun umeen eskubideak behin eta berriz urratuak” izaten direla salatu dute: “Urrunketaren eraginez, gurasoak espetxean dituzten haurrek ez dute bermatuta gurasoekin harreman pertsonalak eta kontaktu zuzena izateko eskubidea, hilabetean behin ikusten baitituzte haien guraso presoak eta honek eragin izugarria du haurrarengan. Gainera aita, ama edo biak, hain urruti dagoen espetxean egoteak esan nahi du haur hauek bidai amaigabeak egin beharko dituztela bisita bat gauzatu ahal izateko eta horrek izugarrizko zama fisikoa eta psikikoa suposatzen du haientzat; haien lagunak asteburutan jolasten dauden bitartean beraiek errepidean daudelako”.
Bestalde, egoera horri pandemiak eragindako arazoak gehitu zaizkiola nabarmendu dute: “Pandemia honek presoak gehiago isolatzea eragin du eta ondorioz, senideen sufrimendua areagotu egin da, bereziki adingabeena. Badaude martxoaz geroztik haien gurasoak besarkatzen ez dituzten haurrak, beste batzuk aldiren batean aita edo ama ikusteko aukera izan dute bederatzi hilabete luze hauetan, baina oraintxe bertan aurrez aurreko guztiak etenda daude Espainiako Estatuan; Frantziako Estatuan, aldiz, espetxe batzuetan pertsona bakarra sartu daiteke bisitara, beraz, haurrak ezin dira joan ezin daitezkeelako bakarrik sartu; beste batzuetan pertsona bat baino gehiago sartu daiteke baina ezin dute musukoa kendu eta haurrak haien gurasotik metro eta erdira egon beharko dira. Haien ahotsa entzun dezakete dei baten bitartez baina ezin dituzte ikusi, ezin dituzte ukitu, ezin dute haiekin jolastu eta ezin diete musurik eman; guzti honek haur baten garapenean izan ditzakeen ondorio guztiekin. Motxiladun umeak umezurtz uzten ari diren neurri eta politikak aplikatzen ari dira, gurasorik gabe bizitzera kondenatzen ari baitira”.
Errealitatea irudikatzeko, hainbat kasu aipatu ditu Karasatorrek: “Ametsek martxotik darama aita besarkatu gabe, Haizek eta beste askok bezalaxe. Hizek urte bat beteko du ostiralean eta lau bider ikusi du aita jaio zenetik. Lukenek lau urte ditu eta hiru alditan besterik ez da egon aurten aitarekin. Harri, otsailetik hona behin, ordu eta erdiz. Xuhar hiru alditan, Axel eta beste zenbait bezalaxe. Arhanek otsailetik hasita ez dio aitari muxurik ematen. Eta horrela jarraitu dezaket luzeegia den zerrenda batekin”. Egoera hori, espetxean bizi diren motxiladun haurrentzat are gordinagoa dela azpimarratu du gazteak: “Ezin ditugu ahaztu espetxean bizi diren motxiladun umeak, haien egoera bereziki larria baita. Aranjuezeko espetxean daude Izadi eta Irati eta bederatzi hilabete daramate haien senideak eta gertukoak aurrez aurre ikusi gabe. Bederatzi hilabete daramate kalera irten gabe, lehendik lortutako egokitzapenean atzera pausu bat suposatzen duelarik. Eta gogorrena dena, udaz geroztik ez dute haien aitatxo ikusi, ondoko moduluan dagoen arren”.
Egoera horrekin bukatzea ezinbestekoa aldarrikatuz amaitu dute agerraldia: “Ezin dugu egoera gordin hau gehiago luzatu, adingabeen eskubideak errespetatu beharko dira eta urraketa krudel honekin lehenbailehen amaitzea premiazkoa da”.