Donostia nazioarteko bilerak egiteko gune izatea bultzatuko du udaleko Turismo sailak
Donostia Turismok sustatuta, hiriak bi jarduera birtual egingo ditu azaroan –bat egin dute dagoeneko–, nazioarteko bilera profesionalak egiteko gune izateko helburuarekin. MICE (Meetings, Incentives, Conferences and Exhibitions) sektoreko tokiko eragile eta enpresei aholkularitza eta laguntza emateko lan esparruaren baitan egingo dituzte jarduera birtual horiek. Cristina Lage Turismoko zinegotziaren arabera, garrantzitsua da hirian halako bilerak egitea: “Bilerekin lotutako turismoa da gure ardatz estrategikoetako bat, eta Donostia gero eta hobeto posizionatuta dago ardatz horretan. Turismo profesionala da, eta lurraldeko sektore ekonomikoak dinamizatzen laguntzen du. Turismoa pandemiaren ondorioak zuzenean jasaten ari den honetan, honelako ekitaldiak erakartzearen aldeko apustua egin behar dugu, tokiko ekonomiari mesede egiten dioten ekitaldiak baitira, zalantzarik gabe”.
Hilaren 12an egin zuten lehenengo jarduera Frantziako merkatuarentzat izan zen. Aurkezpen birtual bat egin zuten, eta era guztietako MICE ekitaldiak egiteko nazioarteko erreferentziazko gune gisa aurkeztu zuten hiria. Datozen ekitaldiak honakoak izango dira:
- Azaroaren 24an, Italiako merkatuarentzat. Donostian kongresuak edo sustapen ekintzak antolatu ditzaketen erosle potentzialak izango dira.
- Azaroaren 26an, merkatu britainiarrarentzat. Hirian negozio bilerak egiteko interesa duten erosleak izango dira horiek.