Euskaraldiko izen-ematea hilaren 24ra arte luzatu dute
Euskaraldiko antolatzaileek erabaki dute norbanakoen izen-emate epea datorren asteartera arte, hilaren 24ra arte, luzatzea, azken egunotan izen-ematea “izugarri” hazi delako. Izen-ematea sustatzeko, agerraldia egin dute eguerdian Eneko Goia Donostiako alkateak, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, Maddi Juanikorena, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteko ordezkariak eta Josune Otxotorena Donostiako auzoetako euskara batzordeen ordezkariak, euskararen inguruko hiriko beste eragile batzuetako ordezkariekin batera, Gipuzkoa plazan.
Azaldu dutenez, pandemia dela eta, aurten zailagoa izaten ari da Euskaraldia sustatzea eta ezagutzera ematea, eta herritarrak berandu ari dira izaten egitasmoaren berri. Horrela, Euskaraldia bihar, hilaren 20an, hasten denez, antolatzaileek uste dute herritarrak txapa jantzita ikustean, jende gehiago animatuko dela izena ematera. Aurten Euskaraldia sustatzea bereziki zaila izaten ari bada ere, egitasmoaren garrantzia nabarmendu dute antolatzaileek: “Euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko balioko du. Bakoitzaren hizkuntza ohituretan eragin eta gure eguneroko harremanetan -etxean, lantokian, lagunartean, establezimenduetan eta abar- euskara gehiago erabiltzeko aukerez jabetzea da asmoa”.