"Ezin duzu arropa denda txiki batean probatu eta gero Amazonen erosi merkeago topatu duzulako"
Tokiko merkataritza sustatzeko kanpaina grafiko bat jarri du abian Donostiako RQER estudioak. Hiriko dendatan banatzen ari da 'Erosi hemen, ez Amazonen' leloa daramaten kartelak.
“Inoiz baino kontzienteago gara: garrantzitsua da erabakitzea gure dirua non jartzen dugun. Non inbertitu nahi dugu?”. Eva Villar RQER estudioko arduradunaren arabera, pandemiak mahai gainean jarri du kontsumoaren inguruko eztabaida, eta agerian utzi ditu herritarren kontsumo ohiturak. Hain zuzen, ohitura hauen inguruan gogoeta egitera bultzatu nahi du jendea. Saltoki erraldoietan eta Internet bidez egiten den kontsumo masiboa alde batera utzi, eta gertuko merkataritza txikiaren alde egin nahi du Villarrek, Erosi hemen, ez Amazonen lelopean.
100 bat kartel inprimatu ditu, eta hiriko dendetan banatzen ari da, erakusleihoetan jar dezaten. “Jendea hara eta hona dabil, azkar, eta horregatik egin nahi nuen kanpaina grafiko hau, kolore biziekin eta mezu indartsu batekin, dendara doazenean, pentsa dezaten, eta kontziente izan daitezen”.
Ohartarazi du marka handiak konturatzen ari direla gero eta gehiago inporta zaigula kontsumo mota, eta, besteak beste, ari direla berrerabilpenaren aldeko keinuak egiten: “Zarak eco life linea atera du, eta Ikeak altzari zaharrak birziklatzeko kanpaina egin du. Ondo aztertzen dute merkatua, eta ari dira estrategiak aldatzen. Eta hau gertatzen ari dena ikusteko pista on bat da, marka handiek beti aurrea hartzen dute”.
Erakundeek ez ezik, kontsumitzaileek ere ardura dutela uste du Villarrek: “herritarrek erabakitzen dute non erosi nahi duten”. Horregatik plazaratu nahi izan du mezu eta lelo argi bat: “Ezin duzu arropa denda txiki batean probatu eta gero Amazonen erosi merkeago topatu duzulako. Hori egiten baduzu, gaizki egiten ari zarela jakin behar duzu, zure auzoa eta zure ingurunea pobretzen ari zara. Agian gehiago ordaindu beharko duzu denda txiki batean, baina etorkizun hobe batean inbertitzen ari zara, denda txikiak itxi behar ez dezan”.
Edonork deskargatu eta inprimatu dezake RQER estudioak diseinatu duen kartela, euren webgunean. Helburua da ahalik eta gehien zabaltzea, eta mezua ahalik eta jende gehienak ikustea.