Hezkuntzako eta EHUko garbitzaileek manifestazioa egin dute Ibaetan
Euren lan baldintza duinak aldarrikatzeko bi greba egunetara deitu dute. Gaurkoa lehenengoa izan da, eta ELA, UGT, LAB, ESK eta CCOO sindikatuek bat egin dute grebarekin, baita Neska* ikasleon taldeak ere.
Hezkuntzako eta Euskal Herriko Unibertsitateko langileek lehen greba eguna dute gaur, eta hori dela eta manifestazioak egin dituzte gaur goizean EAEko hiru hiriburuetan. Donostian, manifestazioa aulariotik abiatu da 11:00etan. ELA, UGT, LAB, ESK eta CCOO sindikatuek bat egin dute grebarekin, baita Neska* ikasleon taldeak ere.
Grebaren helburu nagusia lan baldintza duinak aldarrikatzea da. Besteak beste, salatu dute beharko lukeena baino langile gutxiago daudela kontratatuta, euren hitzarmenean jasotzen den soldata igoera eta lanaldi zatituaren plusa jasotzen ez dutela, eta lantokietan babesteko ekipamendu egokia jasotzen ez dutela. Era berean, garbitzaileak langile esentzialak direla azpimarratu dute, are gehiago pandemia egoeran.
Lortutako intzidentzia ontzat jo du Ane Alberdi ELA sindikatuko garbikuntzako arduradunak, zailtasun ugari izan badituzte ere. Izan ere, greba eskubidea bermatu diete “lehen aldiz hilabete askotan”, baina ez bere osotasunean. “Zerbitzu minimoak margen gutxirekin iritsi dira, grebatik 24 ordura baino gutxiagora. Horrez gain, zerbitzu minimoek %30 kubritu behar dute, baina praktikan lan karga %100a balitz bezalakoa da”. Esaterako, ikasgelak egunean bi aldiz desinfektatu behar dituzte, eta komunak hiru aldiz, hori guztia egun honetan 4 egun bakarrik lan eginez. Horregatik, Alberdik azpimarratu du dekretuak greba eskubidea bermatuta ere, praktikan “tranpa” egin dutela.
Horrez gain, kontatu du Euskal Herriko Unibertsitateak segurtasun arloko langileak jarri dituela eraikinetako atean greban dauden langileak hara ez daitezen sartu. “Kolektiboaren kriminalizazioa dakar horrek”, adierazi du Alberdik. Horregatik, “dena kontra izanda” poztik daude lortutakoarekin, eta datorren astean, hilaren 25ean, egingo duten greban atxikimendu handiagoa izatea espero dute, eta zerbitzu minimoak garaiz iritsi eta dekretatutako baldintzetan izatea.