"Elkarrizketa elebidunak tresna interesgarria izan daitezke euskararen erabilera bultzatzeko eta normalizatzeko"
Euskaraldiaren «teorizatzaile» gisa egindako ekarpena aitortuz, 2020ko Abbadia Saria eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Pello Jauregiri (Donostia, 1958). Pedagogian Lizentziatua da Salamancako Unibertsitatean eta Hezkuntza Zientzietan Doktorea EHUn, eta euskararen ulermena eta erabilera zabaltzeko hainbat egitasmoren sortzailea izan da. Euskaraldiaren oinarrian dagoen ikuspegi teorikoa azaldu digu.
2020ko Abbadia saria eman dizu Aldundiak, Euskaraldian teorizatzaile gisa egindako lanagatik. Zein izan da zure orain arteko ibilbidea?
Hamabost bat urtez ibili nintzen AEKko euskaltegietan irakasle eta didaktikari gisa, eta, gero, tesia egin nuen euskalduntze eta alfabetatzeari buruz. Geroztik, irakasle nabil EHUn. Bestalde, Kuadrillategi egitasmoa jarri nuen martxan, eta azken hamar urteotan Soziolinguistika Klusterrean ibili naiz Aldahitz egitasmoaren zuzendari gisa. Programa horretan hiru metodologia prestatu ditugu, Eusle, Ulerrizketa eta Uler-saioak, lan munduan euskararen erabilera bultzatzeko. Metodologia horiek inspirazio gisa balio izan dute gero Euskaraldia bilakatu den honetarako.
Zertan datza, orduan, Euskaraldiaren oinarrian dagoen teorizazioa?
Gure metodologien oinarrian ikuspegi kolektibo bat dago; euskararen erabilera jarduera kolektibo bat da, ez da inoiz kontu indibiduala. Horregatik, komunikazioan parte hartzen duten bi parteek nolabaiteko adostasuna eduki behar dute; bien artean egin behar dute lan. Gure metodologiak aplikatzen dira talde batean, izan lantegi bat, izan kuadrilla bat, izan familia bat. Ingurune kolektibo horretan behar dira gutxieneko baldintza batzuk, eta ulermena da baldintza horietako bat. Gure teorizazioan ikusten dugu nolako garrantzia duen ulermenak. Orain arte, garrantzia handia eman diogu hitz egiteari, eta pixka bat ahaztu zaigu ulermenak nolako garrantzia duen. Ingurune batean jende guztiak ulertzen badu, hori da gutxieneko baldintza euskararen erabilera sustatzeko: nahiz eta pertsona batzuek ez mintzatu ulertzen badute, posible da euskarazko komunikazioa egitea.
Konturatu gara elkarrizketa elebidunak tresna interesgarria izan daitezkeela euskararen erabilera bultzatzeko eta normalizatzeko. Euskaraz egin nahi duenak euskaraz egingo badu besteen aurrean, nolabaiteko babesa eman behar diote, eta talde batek zilegitasun soziala ematen dionean lasai dihardu euskaraz. Jardun horrek izugarrizko kutsadura efektua dakar besteengan ere. Nahikoa da hamarreko talde batean bi lagunek hartzea euskarari eusteko indarra; gainerakoak kutsatu egiten dira poliki-poliki, eta horiek ere hasten dira, mekanismo naturalen bidez, euskara erabiltzen.
Noiztik datorkizu kezka hau, euskararen ulermenaren eta erabileraren ingurukoa?
Tesia egin nuenetik. Euskaltegien mundutik nentorren, eta konturatzen nintzen kuadrilla askotako kideak, adibidez, euskaltegira etorri bezain laster beren gaitasun mailaren arabera banatzen genituela. Euskaltegitik atera eta haien artean erdaraz hitz egiten jarraitzen zuten kuadrillako kideek. Orduan konturatu nintzen beste zerbait behar zela hizkuntz ohiturak aldatzeko. Alegia, ez dela bakarrik gaitasun kontua, baizik eta denen artean egin beharreko prozesu bat, elkarri egokituz egin beharrekoa. Bi urtez egin nuen lan kuadrilla batekin. Kuadrillako kideek hizkuntz gaitasun maila desberdinak zituzten, eta ez zen posible euskaltegietan bezala gramatika programa bat ematea. Aukera bakarra zen hizkuntza bera erabiltzea, eta hori funtsezkoa zen. Guztiek ulertzen bazuten ja posible zen euskarazko komunikazioa.
Horrek eraman ninduen hizkuntzen gaitasunak eskuratzeko mekanismo naturaletara. Haur batek, jaiotzen denean, hizkuntz gaitasun txikia dauka, baina aldamenekoek hitz egiten diotenean polikiago hitz egiten diote, eta azkenean egiten du aurrera. Helduen taldeekin gauza bera gertatzen da, nahiz eta hainbat gaitasunetako jendea egon; batzuek euskarari eusten badiote, besteek ulertzearen bidez eskuratzen dute gaitasuna, eta baita motibazioa ere. Hori ikusi nuen ikerketan: modu horretan jendeak euskaltegian baino bi aldiz azkarrago ikasten zuela, eta gainera haien artean euskaraz egiteko ohitura ikaragarri handitzen zela.
Aurtengo Euskaraldian martxan jarri diren ariguneak horretarako lekuak dira, ezta?
Bai, hori da, ariguneak logika horretatik datoz. Eremu kolektiboak behar dira, eta eremu horiek izan behar dute homogeneoak hizkuntzaren aldetik, hau da, gutxienez denek ulertu behar dute. Horrelako espazioak behar dira benetan emaitzak lortzeko.
Zergatik ez zen lehen Euskaraldian horrelako zerbait proposatu?
Hainbat tokitan oraindik ez dute denek ulertzen hizkuntza. Orduan, toki horietan, oraindik ez dago gutxieneko baldintzarik. Hala ere, ez zen entrenamendu txikia izan, behintzat, buruz buruko, biko eta hiruko harremanetan ohiturak aldatzeko. Pertsona horiek horrela jokatzen dutenean beren inguruan sortzen dute zulo horiek tapatzeko beharra, aukera eman zuen hutsune horietaz oharturik aurrerapausoak emateko.
Bi urte hauetan aldaketarik nabaritu da? Euskaraldiaren entrenamenduak balio izan du?
Nire ustez, euskararen erabileraren partida ez da hasiko denek euskara ulertu arte. Hori da gutxieneko baldintza. Euskal Herrian horrela gaudenean, orduan hasiko da partida; orduan, posible izango da ahobizi batzuek ez pentsatu behar izatea euskaraz ala erdaraz egin; euskaraz egin ahal izango dute jaiki bezain laster. Euskal Herri osoa bihurtuko da arigune, eta orduan hasiko da partida, eta orduan ere oso zaila izango da euskararen erabilera normalizatzea eta erdararen aurrean hegemonia hartzea.
Zer espero duzu aurtengoan?
Aurtengo esperantza da irautea. Uste dut egite hutsa aurten arrakasta izango dela, zenbakiez harago. Egoera berezia da, badago tristura puntu bat; ez gaude kalera emanak, gehiago gaude etxera begira eta oztopo handiak daude ekitaldi masiboak egiteko eta jendea kalean elkartzeko. Interakzio soziala mugatua da eta lan munduan arigune askotan ariketa ez da egingo betiko moduan, harreman presentzialak urriagoak izango baitira. Beraz, oztopoak daude eta testuinguru horretan egiteak bera nolabait arrakasta izango da, erritmoa ez galtzeko entrenamendu gisa balioko du.
Nola ikusten dituzu aurrera begira eman beharreko pausoak?
Euskaraldiak zabaltzeko aukera dauka eta ariguneen kontzeptu horren baitan asko dauka aurrera egiteko. Justu orain toki askotan konturatu dira nahiz eta euskaldun pila bat egon eremu batean agian nahikoa dela bik edo hiruk ez ulertzea arigunetzat jo ezin izateko. Konturatzeak ekarri beharko luke horrelako tokietan plangintzak egitea, Euskaralditik Euskaraldira, hurrengoan arigune izan ahal izateko, eta horrek eskatzen du erakunde, lantegi, eta horrelako tokietan badaudela bi urte horrelako plangintzak burutu ahal izateko, eta hor badago progresibitaterako tarte interesgarria.
Donostian, adibidez, euskara jende dezentek ulertzen du, baina erabili, aldiz, ez hainbestek.
Normalean, gure solaskideak nahiko ongi ulertu arren, hitz egiteko garaian kosta egiten bazaio, erdalduntzat hartzen dugu. Hor behar da mentalitate aldaketa handi bat ikusteko horrelako solaskideekin ere posible dela euskaraz hitz egitea, eta guk horri eutsiz gero komunikazioa oso arina eta efektiboa izan daitekeela. Horregatik behar dugu entrenamendu handia.
Entrenamendu bikoitza, beraz: batetik, ulermena zabaltzea, eta bestetik, ulertzen duen ororekin euskaraz egitea.
Hori da, horregatik itzultzen naiz hasierako planteamendura: kolektiboa da hau, bi alde daude eta alde bakoitzak egin behar du zerbait. Euskaldunok eta euskaraz egin nahi dugunok zeregin batzuk ditugu eta ulertzen ez dutenek ere beste salto bat eman behar dute, eta elkartzen garenean emaitzak hobeak izango dira.