Emakume baserritarren ahotsa, ozen eta indartsu
Pasa den asteazkenean, azaroak 11n, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztu zen Erroa eta Geroa (2019) ordu erdiko dokumentala, belaunaldi ezberdinetako emakume baserritarren hitza jaso eta hurrengo urteek dakarten erronkaz diharduena. Filmaz ikusteaz gainera, bertan parte hartu duten hiru emakumeren presentziaz ere gozatu izan ahal genuen ikusleok, tertulia mamitsurako aukera ere ireki baitzen.
Arantxak, Marivik eta Anek beraiek azaldu zuten lez, proiektu honen guztiaren hazia 2017an kokatua da, agroekologian eta elikadura subiranotasunean oinarritutako Baserritik Mundura ikastaroan. Esperientzia horrek motibatuta jaio zen Sorginatxurrak taldea, bai eta haiek emakume baserritarren inguruan aurrera eramandako ikerketa lana ere. Marko akademiko hartara ez mugatzea zen, hala ere, haien xede nagusietako bat. Hala, Itziar Bastarrika eta Ainhoa Olasolorekin elkarlanean, ikerketak emandako fruitua dokumental honetan ondu egiten da; bik sinatua bada ere, ahalmen kolektibo eta orotariko jakindurien uztartzearen emaitza dena.
Gasteizko Hala Bedi Irratian eskainitako elkarrizketan aipatzen den bezalaxe, lan zinematografiko honen helburua “tresna erabilgarria eta dinamikoa” sortzea zen, “edozein espaziotan parte hartzeko modukoa”. Zalantzarik gabe lortu dute hori. Dokumentalaren formatu sinpleak, hamar bat emakumeri egindako elkarrizketan antolatua, protagonisten ahots, gorputz eta esatekoei ematen die lehentasuna. Horrez gain, zintaren luzerak ere bidea irekitzen dio zinemagintza politikoaren xedea izan beharko litzatekeen horri, dela eztabaida bideratuz, dela ikuslea agentzia politiko aktiboa aurrez aldetik onartuz. Pasadizoak, oroitzapenak, aldarriak edo etorkizunera begiratzen duten asmoek; erroa ezagutu bai, baina, batez ere, geroari heldu eta hura nahieran eraikitzeko antolatu.
Emakume nekazariak emakume izateaz mintzo dira. Bai tradizionalki horrek dakarren lanaren bikoiztearen inguruan, zein klabe feministatik abiatuta halakoetatik urruntzeko nahiaz. Emakume nekazariak lanaz mintzo dira ere, lan gogorraz eta eta lan-baldintza kaxkarrez. Instituzioak hizpide dira halaber, hain zuzen ere, haiei buruz ona den ezer gutxi aipatzen delako. Zaintzaren garrantzia azpimarratzen dute gazteenek eta ekoizpen etiko eta jasangarriak ardura ematen die haietako askori. Hori bai, guztiak datoz bat errelebo faltaren inguruko beldurrari dagokionez.
Ez duzue hemen aurkituko ez emakume-lur esentzialismorik, ez baserriko bizitzaren idealizaziorik, ezta sasiekologismo despolitizaturik ere; dokumental militantea dugu hau azken finean, helburu propioen arabera sortua eta egituratua, bera burua, konplexurik gabe aurkezten duena.
Zinema eta zirkuitu komertzialak jipoituak izaten ari diren honetatik zer edo zer onuragarria atera badezakegu, Erroa eta Geroa (2019) bezalako proposamenek sor dezaketen interesa handitzea izan dadila. Garai aproposa izan daiteke tokian-tokiko lan kolektiboak, erresistentzia ekintza izateko helburuarekin sortzen den zinema, berreskuratzeko, baldin eta nozbait galdu egin badugun.