"Etxera eramateko janaria prestatzen duten establezimenduen zerrenda egin genuen, eta taberna eta jatetxeak oso eskertuta daude"
Eatgirls SS proiektua Lara Maisuetxe eta Kenia Martinez donostiarrek osatzen dute, eta Donostiako taberna eta jatetxeetako plateren argazkiak argitaratzen dituzte Instagram sare sozialean. Ostalaritza bizitzen ari den egoera txar onetan, etxera eramateko janaria prestatzen duten establezimenduen berri ematen ari dira. Maisuetxerekin hitz egin dugu Eatgirls SS proiektuaren inguruan.
Zer da Eatgirls SS?
Kuadrillako bi lagun gara; bakoitzak bere lan propioa du, baina Instagrameko kontua hobby moduan sortu genuen. Izan ere, egun batean, adiskide baten etxean afaltzen ari ginen, eta bakoitzak plater bat eraman zuen. Garai hartan, duela hiru urte, bazkaltzen eta afaltzen genituen plateren argazkiak gure kontu pertsonaletan argitaratzen genituen. Horrela, egun hartako afarian, pentsatu genuen kontu bat sortzea denon artean, platerak hara igotzeko. Hasiera batean, zazpi lagunen artean sortu genuen, baina, gaur egun, biren artean kudeatzen dugu. Noizean behin beste lagunen batek laguntzen digu, baina Keniak eta nik daramagu kontua.
Zein da proiektuaren helburua?
Hiriko eta inguruko taberna eta jatetxeetako platerak ezagutzera ematea. Konfinamendu garaian, ezin genuenez etxetik atera, etxean egiten genituen errezeta asko argitaratu genituen. Azken finean, egunez egun jaten dugun ia guztia igotzen dugu Instagramera.
Proiektuaren hoberena, jende asko ezagutu dugula da. Esaterako, gurearen moduko beste kontu batzuekin harremana dugu gaur egun, eta Euskadi Food Squad taldea sortu genuen. Orain ezin dugu elkar ikusi, baina pandemiaren aurretik, noizean behin gelditzen ginen eta bazkariak eta afariak antolatzen genituen.
Nola hazi da kontua?
Gaur egun, 12.000 jarraitzaile inguru ditugu. Orain ezin da udalerri batetik bestera joan, baina ahal zenean, jende askok esaten zigun Donostiara zetorrela eta galdetzen zigun ea non bazkaldu edo afaldu zezakeen. Horretaz gain, hainbat erronketan parte hartzen dugu, eta marka batzuek produktuak bidaltzen dizkigute, nahi badugu horri buruzko argitalpenak egiteko. Era berean, batzuetan jatetxe berriak irekitzen dituztenean gonbidatzen gaituzte, guk eurei buruz hitz egiteko gure Instagram kontuan. Azken finean, biontzako da ona: guri edukia sortzeko aukera ematen digute, eta beraiek ikusgarritasuna lortzen dute.
Nondik sortu zen etxera eramateko janaria prestatzen duten establezimenduen zerrenda egitearen ideia?
Orain arte, joaten ginen taberna edo jatetxe bakoitzaren argazkiak igotzen genituen Instagramera. Itxi zituztenean, pentsatu genuen Internet bidez etxera eramateko janaria prestatzen duten establezimenduen zerrenda bat egitea, erraz zabaldu ahal izateko. Gainera, establezimendu gehiagoren berri izan ahala, zerrenda eguneratzen joan gaitezke. Etxera eramateko janaria prestatzen duten establezimenduen zerrenda egin genuen, eta taberna eta jatetxeak oso eskertuta daude zerrendarekin, egia esan. Guk irabazi asmorik gabe egiten dugu, guri ere ondo datorkigulako. Izan ere, larunbata heltzen denean, zerrendako establezimenduak begiratzen ditut, janaria eskatzeko.
Zein proiektu dituzue buruan etorkizunerako?
Orain arteko moduan jarraitzea, hazi egin garelako. Bestalde, asko gustatzen zaigu komunikazioaren eta sare sozialen mundua, beraz, ondo legoke egunen batean honetatik bizi ahal izatea. Hala ere, momentuz, orain arte bezala, jarraitzearekin pozik gaude, gero eta jende gehiago ari garelako ezagutzen.