Idoia Santamaria donostiarrak esku artean du Euskarazko Literatura Itzulpenaren Euskadi saria
Bilboko Azkuna Zentroak Euskadi sarien 24. edizioko sari banaketa ekitaldia hartu zuen atzo. Sarituetako bat, hain zuzen, Idoia Santamaria itzultzaile donostiarrak izan zen. Santamariak Itzulpengintza saria jaso zuen Ingeborg Bachmann idazle austriarraren Aldibereko liburua euskarara ekartzeagatik. Atzoko sari banaketan esker oneko hitzak izan zituen itzultzaileak, eta azpimarratu zuen “0so ederra da, tarteka edo orduka bada ere, beste hizkuntza batean bizitzea eta, horri esker, beste lekuetara joateko aukera izatea”.
Sari banaketa ekitaldian gainontzeko sarituak ere izan ziren, eta koronabirusaz gain, literatura eta feminismoa izan zituzte hizpide sarituek euren diskurtsoetan. Aurtengo sarituak urrian iragarri zituen Jaurlaritzak. Honakoak dira: Euskarazko Literatura saria Karmele Jaio Eigurenek jaso zuen, Aitaren Etxea obrarengatik eta Euskarazko Haur eta Gazte Literatura saria Iñigo Astiz Martinezentzat izan zen, Joemak eta Polasak lanarengatik, eta Saiakera Euskaraz saria Uxue Alberdi Estibaritzek eraman zuen, Kontrako eztarritik lanari esker. Aixa de la Cruz Regulezentzat izan zen Literatura Gaztelaniaz saria, Cambiar de idea lanarengatik, eta Borja Barrague Calvok Saiakera Gaztelaniaz saria eskuratu du Larga vida social a la democracia lanarekin. Lan Literarioen Ilustrazioa saria, berriz, Miren Asiain Lorarentzat izan zen Un millón de ostras en lo alto de la montaña obran egindako lanarengatik.