Lau belaunaldi zapatak saltzen
Calzados Tellok 1903an zabaldu zituen ateak. Ordutik hona aldatzen joan da, baina zapatak saltzearen muina ez du galdu. Gaur egun laugarren belaunaldia ari da ia 120 urte bete dituen negozioa aurrera ateratzen.
Saltoki handiekin, Interneteko plataformen zabaltzearekin, hiriguneko eraikinen garestitzearekin, besteak beste, egoera zaila da denda txikiena. Erosle gutxiago, gastu handiagoak, zabalik irautea ez da makala askorentzat. Zoritxarrez, ohikoa da Donostiako denda edo komertzio txikien itxieraren berri izatea. Hala eta guztiz ere, denda txiki batzuk geratzen dira oraindik, eta horietako gutxi batzuek ehun urte baino gehiagoko historia dute atzetik.
Hori da, esaterako, Tello zapata dendaren kasua. Denda txiki hau, ordea, ez da beti denda txikia izan. 1903an zabaldu zuen Donostian Calzados Tello fabrika Miguel Tellok. Fabrikarekin batera, izen bereko denda ere jarri zuen martxan, eta sona handia izan zuen, 1960ko Behobiako argazki batean ikus daiteke, esaterako, Calzados Telloren publizitate handi bat, eta denden kanpoaldean biltzen zen jendea erakusten duten argazkiak ere ez dira falta.
Revista San Sebastianek berreskuratu du dendaren historia. 1920an, orain dela 100 urte, fabrika zegoen lekuan, Urbieta eta San Martzial kaleen kantoian, denda zabaldu eta zapata fabrika Amarako Arroka kalera aldatu zuten. Fabrika ondoko etxeak ere Tellorenak ziren eta bertan bizi ziren langileetako batzuk, jendeak oroitzen duenez. Urte luzez abandonatua, 2013. urtera arte egon zen zutik fabrika zaharraren eraikina, San Bartolome inguruko berrurbanizazio-planaren baitan bota zuten arte.
Fabrika, denda eta biltegi handi bat izan zituen Calzados Tellok. Zentroko hainbat lekutan egon ziren kokatuta: Urbieta kalean, San Martin kalean, Arroka kalean eta, azkenik, Hondarribia kalean. Bertan dago gaur egun Tello zapata-denda, 12. zenbakian. Hiria izugarri aldatu da, baina familiako laugarren belaunaldiak jarraitzen du zapatak saltzen. La Voz de Guipuzcoa-k orain dela 100 urte inguru eginiko erreportajean jaso zuen Miguel Telloren lema: “Zuzeneko salmenta, ekoizleak kontsumitzaileari”. Akaso denda ez da antzinan izan zena bezain ezaguna, baina gertuko tratua ematen jarraitzen dute oraindik.