Maddalen Iriartek kontatu du sexu abusuak jasan zituela haurra zenean
Maddalen Iriarte (Donostia, 1963) EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak publiko egin du sexu indarkeria pairatu zuela umetan. Vocento taldeko hedabideek argitaratutako artikulu batean jaso du bere historia. Zazpi urte zituela gertatu zen, udaleku batzuetan, eta hura oroitzean oraindik ere “botaka” egin zezakeela. “Oraindik eskuak dardarka ditut. Zelako mina, amorrua eta ezintasuna”, nabarmendu du Iriartek. “Beldurrez nago oraindik amets honetatik esnatuko naizen eta hormaren kontra estututako haur hura berriz izango naizen”, esan du.
Era berean, azaldu du zergatik erabaki duen orain kontatzea: modu batean edo bestean, “guztioi gertatzen” zaigulako. “Etxeko zigorgabetasunean, edo ez oso urrun. Leku guztietan gertatzen da. Eta denon arazo handia da. Gu ere alabak, amak, amonak, lagunak eta bikotekideak garelako… Beraz, piz gaitezen! Ustez barregarria den txantxatik, gainerako guztira”, azpimarratu du bozeramaileak.
Erasotzailea “hil zela” jakin zuen. Baina “tatuaje” ezabatzeko “laserrik ez dagoela” idatzi du. “Hori ezin da ezabatu; edo nik ezin izan dut ezabatu. Gertatutakoa ezkutuan gorde nuen urte luzez. Ia erotu egiten naiz gogoratzen dudanean, handik denbora batera, amari kontatu nionean”, nabarmendu du Iriartek.
Donostiarrak esan du “zauri” hau ez dela estaltzen “tiritak jarriz”. “Bizi dugun errealitatea errotik eraldatuko duten aldaketak behar ditugu”, adierazi du Iriartek. “Berdintasuna ez zaigu gertatuko, borrokatu egin beharko dugu”, gehitu du.
Aste honetan, sexu indarkeria jasan duela kontatu duen bigarren politikaria da Iriarte. Duela egun batzuk, Ernesto Gasco Donostiako udaleko zinegotzi ohiak elkarrizketa batean kontatu zuen haurra zela sexu abusuak jasan zituela hiriko eskola erlijioso batean.