Birkokapenetan lan baldintza duinak bermatzeko eskatu diote langileek Inditexi
Donostiako Erdialdeko Stradivarius arropa dendako langileek elkarretaratzea egin dute eguerdian saltokiaren atean, Inditexi eskatzeko euren lan baldintza duinak bermatzeko. Izan ere, Inditex digitalizazio prozesu batean murgilduta dago, eta denda fisiko batzuk ixten ari da –azaroaren hasieran Irungoa itxi zuen–. ELA sindikatuak salatu duenez, itxiera horiek egiterakoan, langileak birkokatu behar dituzte, baina Inditex ez da birkokapenak eta lan baldintza duinak bermatzen ari.
Horregatik, gaur egin duten moduan, beste protesta bat egin zuten Donostiako dendako langileek hilabete hasieran. Sindikatuaren arabera, birkokapenak bermatzeko negozioazioak aurreratuta zeuden, baina Inditexek ez du akordioa idatziz utzi nahi izan. Beraz, sindikatuarentzat ez dago bermerik.