Euskal Herriko Txistorra Lehiaketan izena emateko epea ireki dute
Urteroko legez, San Tomas Eguna hurbildu ahala, Euskal Herriko Txistorra Lehiaketa egingo dute aurten ere Donostian: abenduaren 18an izango da, Basque Culinary Centerren, 17:00etatik aurrera. Aurtengoa, XXV. lehiaketa izango da, eta izen-emate epea abenduaren 4ko 14:00etara arte izango da zabalik. Konstituzio plazako Donostia Kulturaren bulegoetan eman daiteke izena, baita donostiakofestak@donostia.eus posta elektronikora idatzita ere. Parte hartzeko eskabidearekin batera, lehiaketaren antolatzaileek eskatzen duten dokumentazio guztia aurkeztu beharko da.
Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da txistorra ekoizlea edo egilea izatea eta hartarako Euskal Herriko edozein lurraldeko zerga lizentzia izatea. Lehiaketaren egunean, parte-hartzaile bakoitzak bere txistorraren lau zarta aurkeztu beharko ditu Basque Culinary Centerren bertan, 10:00etatik 13:00etara. Txistorra guztiak modu tradizionalean egindakoak izan beharko dira.
Lehiatzaileek ez dute sukaldatuko, antolatzaileek hautatutako sukaldariek prestatuko baitituzte piezak. Ondoren, gastronomiaren munduko aditu ezagunek osatutako epaimahaiak txistorrak dastatuko ditu, eta, besteak beste, itxura, zaporea, osaketa eta hestekia aintzat hartu ondoren, irabazleak izendatuko dituzte. Irabazleak 500 euro eta txapela jasoko ditu, bigarren sailkatuak 300 euro eta plaka bat eta hirugarrenak 200 euro eta beste plaka bat. Sariak lehiaketaren egunean bertan banatuko dituzte, 19:30ean.