Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sortzeko prozesua abiatu dute
Lan talde bat eratu da Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sortzeko Batzorde Sustatzailearen zehaztapena egiteko. 2021ean lanean hasiko den Batzorde Sustatzaile horren partaideak, zereginak, landuko dituen edukiak, funtzionamendua eta lan plangintza adostea da, hain zuzen ere, orain abian jarri den lan taldearen egitekoa. Hilaren 12an egin zuten aurreneko bilera.
Osaerari dagokionez, lau hanka ditu: Donostiako Udaleko talde politiko guztietako ordezkariak, Igeldoko Herri Kontseiluko bost kide, Donostiako Udaleko Herri Partaidetza saileko teknikariak eta lan taldearen idazkaritzaz eta dinamizazioaz arduratzen den Siadeco Ikerketa Elkarteko teknikariak.
Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sortzera iristeko prozesuan, lehen urratsa da lan talde honen sorrera. Zero fase bat, oinarriak jarriko dituena, 2/2003 Foru Arauaren III. Idazpuruaren markoaren baitan, Batzorde Sustatzaileak Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sortzeko egin beharko duen lanak zimendu ahalik eta sendoenak izan ditzan.