Inditexen murrizketak salatzeko elkarretaratzea egingo dute Donostian
Hilaren hasieran egin zuten moduan, elkarretaratzea egingo dute gaur, hilaren 23an, Erdialdeko Stradivarius dendaren aurrean, 12:00etan. ELA sindikatuak deitu du protestara, izan ere, Inditex enpresa digitalizazio prozesu batean murgilduta dago, eta saltoki asko ixten ari da: Irungoa itxi zuten duela aste batzuk, eta ELA-k salatu zuen hori “lehen urratsa” zela.
Itxitako dendako langileei beste lanpostu bat eskaini behar die enpresak, hau da, birkokatu egin behar ditu. ELA-k hilabete hasieran salatu zuenez, ordea, Irungo kasuan, Gipuzkoako lehenean, ez dute halakorik egin. Sindikatuak sare sozialetan partekatutako bideo batean azaldu duenez, Inditexekin izandako negoziazioetan aurrera egin dute, baina enpresak idatzizko akordio bat sinatzeari uko egin dio: “Ez digute bermerik eman nahi”. Horregatik, protesta egingo dute eguerdian, bermerik gabeko itxieren aurka; herritarrak elkarretaratzera joatera deitu dituzte, langileak babestera.