Mikel Azpirozek 'Islak' disko berria aurkeztuko du ostiralean
Mikel Azpiroz piano jotzaile donostiarrak bere disko berria aurkeztuko du ostiralean, hilaren 27an, Viktoria Eugenia antzokian: Islak. Azpirozen hirugarren bakarkako diskoa da, Gaua (2013) eta Zuri (2016) diskoen ondoren; hain zuzen, ostiraleko emanaldian disko berriko zein aurreko bietako abestiak joko ditu. Karlos Aranzegi (bateria) eta Fernando Neira (baxua) musikariak izango ditu bidelagun kontzertuan.
Bere musika jatorriari bizkarra eman gabe, blues kutsuko piezak dira Islak-ekoak, baina tonu exotikoak eta abangoardistak ere badituzte. Kontzertua 19:30ean izango da, eta sarrerak eskuragarri daude dagoeneko Donostia Kulturaren webgunean, 10 euroren truk.
Hedabide honek Azpiroz elkarrizketatu zuen iazko martxoan, ‘Hamabietan Bermuta’ atalean. Beste hainbat gaiez gain, Zuri eta Gaua diskoen moduko beste disko bat argitaratzeko asmoa zuela iragarri zuen.