Dbizi sistema berrian izena emateko epea abendu hasieran zabalduko dute

Dbizi sistema berria abiarazteko gutxi falta da. Oraindik data ez dute zehaztu, baina abenduaren hasieran BiziSS enpresak kudeatutako sisteman izena emateko epea zabalduko dute.
Lehenik, bizikleta mekanikoak besterik ezingo dira erabili; hain zuzen, 237 bizikleta izango dira erabilgarri, eta horiek hartu eta uzteko 46 geltoki jarriko dira martxan, guztiak bizikleta mekaniko eta elektrikoak uzteko egokituak. Martxan jarriko diren geltokiak auzo edo auzune hauetan daude: Aieten, Amaran, Antiguan, Ategorrieta-Ulian, Egian, Erdialdean, Grosen, Ibaeta, Intxaurrondon, Loiolan eta Martutenen. Kokaleku zehatzak, mapa honetan kontsultatu daitezke. Bigarren fasean, 2021eko otsailean, beste 22 geltoki jarriko dituzte martxan, besteak beste, Altzan, Bidebietan eta Herreran. Era berean, gainontzeko bizikleta mekanikoak —80— eta 120 bizikleta elektrikoak ere bigarren fase horretan jarriko dituzte. Guztira, zerbitzu berriak 437 bizikleta izango ditu.
Bizikleta zerbitzu berria astelehenetik ostiralera 6:00etatik gauerdira erabili ahalko da, eta asteburuetan 24 orduz izango da zabalik.
Izen-ematea eta bonuak
Sistema berrian izena emateko hainbat aukera daude: Dbiziren webgunearen edo aplikazioaren bitartez egin ahalko da, baita Dbiziko harrera bulegoan ere. Azken hau Zorroaga Pasealekuko 23 eta 25 zenbakietan zabaldu dute, eta astelehenetik ostiralera dago irekita, 9:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara. Guztira lau bonu mota izango dira:
- Banakako bonu arrunta: 35 euroko kostu finkoa du, eta horri bidai bakoitzaren prezioa gehitzen zaio, erabilitako denboraren araberakoa. 12 hilabeteko iraupena du, eta %40eko deskontua egingo da automatikoki bizikleta elektrikoen erabileran geltokirik garaienetara edo urrunenekoetara joateko.
- Taldeko bonu arrunta: bi eta bost lagun bitarteko taldeek hartu dezakete —familiak, lagunak, enpresa kideak eta abar—. 80 euroko kostu finkoa du, eta horri bidai bakoitzaren prezioa gehitzen zaio, erabilitako denboraren araberakoa. 12 hilabeteko iraupena du, eta %40eko deskontua egingo da automatikoki bizikleta elektrikoen erabileran geltokirik garaienetara edo urrunenekoetara joateko.
- Banakako noizbehinkako bonua: 5 euroko kostu finkoa du, eta horri bidai bakoitzaren prezioa gehitzen zaio, erabilitako denboraren araberakoa. Kasu honetan, bidai bakoitzaren kostua bonu arruntekoa baino garestiagoa da. Bonu honek 30 eguneko iraupena du.
- Taldeko noizbehinkako bonua: bi eta bost lagun bitarteko taldeek hartu dezakete —familiak, lagunak, enpresa kideak eta abar—. 10 euroko kostu finkoa du, eta horri bidai bakoitzaren prezioa gehitzen zaio, erabilitako denboraren araberakoa. Kasu honetan, bidai bakoitzaren kostua bonu arruntekoa baino garestiagoa da. Bonu honek 30 eguneko iraupena du.
Dena den, hainbat deskontu izango dira. Familia ugari orokorretako kideek %20 deskontua izango dute, eta berezietako kideek %50ekoa. Ssistema zaharraren erabiltzaileentzat %50eko deskontua izango da banakako bonu arruntan, betiere 2021eko urtarrilaren 6aren aurretik alta ematen badute. Hain zuzen, urtarrilaren 6aren aurretik izena emanda, erabiltzaile berriek ere %25eko deskontua izango dute. Edozein kasutan, bonuei buruzko informazio guztia lotura honetan ikus daiteke.