Espainiako Gobernuak proposatuko du Gabonetan sei pertsona baino gehiago ez elkartzea
Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluak bilera egin du gaur, eta Eguberrietarako prestatu duten planaren lehen aholkuak publiko egin dituzte. Besteak beste, proposatu dute sei lagun baino gehiago ez elkartzea, betiere etxe berdinean bizi ez direnean. Aholkua hainbat esparrutara zabaldu dute: lankideekin otorduak, ikaskide edo ikaskide ohiekin elkartzea, kirol taldeetako otorduak, eta abar. Gainera, ahal heinean aire librean elkartzea aholkatu dute, eta “beharrezkoak” ez diren lekualdaketak ekiditea. Bestela esanda, Autonomia Erkidegoen artean bidaiatu ahalko da, “neurri guztiak” mantenduta. Nazioarteko bisitariak ere etorri ahalko dira, baina gune gorrietatik datozen bisitariak PCR proba egin beharko dute Espainiako Estatura sartu baino 72 ordu lehenago. Neurri hau joan den astean iragarri zuen Madrilgo gobernuak, eta gaur berretsi du.
Etxean egoteko orduari lotuta, Gabon gaueko eta Urte Zahar gaueko etxeratze agindua 01:00etara atzeratzeko aukera eskainiko du Madrilek. Horrekin batera, Errege eguneko eta Gabonetako bestelako ekitaldiak ez egitea gomendatu du, jende pilaketak ez izateko. Ekitaldi kulturalak egingo dituzte, baina edukiera erdira murriztuko da.
Plana Lurralde Arteko Osasun Kontseilura eramango dute bihar, han aztertzeko eta onespena emateko. Autonomia Erkidegoetako arduradunek eta Espainiako Gobernuak osatzen dute taldea.