"Fadi Hassanek egindakoa ikusgarri egitea eta ikuspegi politikotik salatzea, horixe gure kalte-ordaina"
Kaxilda liburu dendako arduradunek Fadi Hassan palestinar sionistaren aurkako epaiketa dute astelehenean, iaz izandako liskar batengatik. Hassan Donostian bizi da, eta askotariko arazoak izan ditu Palestinako herriarekiko elkartasuna adierazten duten kolektibo ugarirekin, besteak beste, Kaxildarekin. Esteban Zamora Godoy Kaxildako arduradunarekin euren kasua eta Hassanen figura bera aztertu dugu.
Nola agertu zen Fadi Hassan zuen bizitzetan?
Kaxildak zortzi urte daramatza irekita, eta denbora honetan lortu dugu elkarlan, elkartasun eta interakzio harreman bat sortzea espazio honetara etortzen diren norbanakoekin eta kolektiboekin. Harreman horren ezaugarri garrantzitsuenetako bat elkartasun internazionalista da, eta, besteak beste, Palestinako herriarekiko elkartasuna bultzatzen duen Biladi elkartearekin daukagu harremana.
Horrela, 2015. urtean Biladik antolatutako jardunaldi batzuetan parte hartu genuen, non Palestinako hainbat artistak artearen bidez erakutsi zuten zer ari ziren bizitzen Palestinan. Kaxildan egitekoa zen jardueraren aurreko egunean, beste jarduera bat egin zuten Koldo Mitxelenan, eta istilu batzuk izan ziren pertsona horrekin. Ez zioten sarrera ukatu, baina segurtasun langileak sartu behar izan ziren. Beraz, hurrengo egunean, Kaxildako jardueran, ez genion sartzen utzi, boikota egitera zetorrelako. Salaketa jarri zuen, eta epaiketa izan genuen 2016an: kasua artxibatua izan zen. Nabarmendu behar da Kaxildak izan duen gatazka bakarra dela pertsona honena, eta ez du gure aurka egin Kaxilda izateagatik, Palestinako herriarekiko elkartasun sare baten parte garelako baizik.
Ordea, hor ez da istorioa bukatzen.
2019ra salto egin behar dugu. Iruñeko kide batzuen liburu bat aurkeztu genuen, Gipuzkoa plazako Liburu Azokan, pertsona errefuxiatuz osatutako futbol talde baten ingurukoa. Aurkezpenaren egunean, Palestinaren aldeko elkartasun jarduera bat ere egin genuen, eta pertsona hau berriz agertu zen. Oso jarrera oldarkorra agertu zuen hasieratik, eta irainak botatzeaz gain, fisikoki eraso nahi izan gintuen.
Guk ez genion erantzun, soilik gure lankideak erasotzea saihestu genuen. Izan ere, badakigu zein den pertsona honen estrategia, ez soilik gurekin, baita beste pertsona eta kolektibo batzuekin izandako gatazketan ere: justizia unibertsala erabiltzen du, bere burua kaudimengabe deklaratzen du eta kalte ordainak eskatzen ditu –gure aurkako lehenengo epaiketan, 10.000 euro eskatu zituen, baina, esan bezala, ez zioten arrazoia eman–.
Iazko liskar horren ondoren, nork salatu zuen nor?
Berak gu salatu gintuen eta guk bera. Oraingoan, kolektibo internazionalisten irizpideei jarraituta, gatazka marko politiko batean kokatzea erabaki genuen. Izan ere, 2016ko epaiketa izan genuenean, hainbat kolektibok pertsona horrekin bizitakoak azaldu zituzten, Bilboko kide batzuek salaketak jarri izan baitizkiote jazarpena egotzita, besteak beste. Beraz, gatazkari bere konnotazio politikoa ematearekin batera, pertsona hau eta bere estrategia publikoki identifikatzeko prozesua abiatu genuen.
Gogoratu behar da Donostiara heldu bezain laster, elkarte palestinar bat sortu zuela eta Kataluniako telebistan agertzera heldu zela, Pilar Rahola kazetariarekin. Han, Palestinako herriaren ordezkaritza bere gain hartu zuen, inolako zilegitasunik gabe. Horren harira, Argia hedabideak berriki argitaratu duen erreportajeak [Fadi Hassan: palestinar sionistaren lorratzean erreportajea] puzzlea osatzeko pieza guztiak eman dizkigu: pertsona hau persona non grata gisa zuten ofiziozko abokatuek, kolektibo internazionalistekin hainbat gatazka izan ditu, eta abar.
Gerora, jakin zenuten Vox alderdiko kidea zela, ezta?
Aurtengo hauteskunde kanpainan Voxek Donostian egindako agerraldian, kazetarien argazkien bidez identifikatu ahal izan genuen pertsona hori zela Javier Ortega-Smithekin zihoazenetako bat. Era berean, sare sozialetan sionista eta Voxeko kidea zela esan zuen askotan, eta hauteskunde egunean alderdikide gisa egon zen hauteskunde mahaietan.
Mundu osoko elkartasun internazionalistan, gai garrantzitsuenetako bat da Palestinako herriarekiko elkartasuna, eta Euskal Herrira heldu zenetik, pertsona hau Palestinaren aldeko elkartasun jarduera guztiak boikotatzen saiatu da. Horrelako pertsonak elkartasun internazionalista boikotatzea eta Israelen okupazioa justifikatzea helburu duen sare baten parte dira, eta hortik datoz ultraeskuinarekin dituzten harremanak.
Noiz izango da zuen epaiketa?
Epaiketa astelehenean, hilaren 30ean izango da, 11:45ean. Auzipetutakoei elkartasuna agertzeko elkarretaratze bat antolatuko dugu egun horretan bertan. Era berean, elkarretaratzeak pertsona horren estrategia ikusaraztea izango du helburu, gizartearen gaitzespena jaso dezan. Izan ere, Argia-k erreportaje hori argitaratu ondoren, hainbat pertsonek esan digute askotariko gatazkak izan dituztela pertsona horrekin. Arrazismoa, xenofobia eta horrelako ideiak defendatzen dituen pertsona bat da. Horregatik, epaiketan beste kasu horiek guztiak azalduko ditugu.
Azken hilabeteotan harremana izan duzue berarekin?
Ez, ez dugu inolako harremanik izan azken liskar horren ondoren. Aurreko epaiketan ere ez zen gurekin harremanetan jarri epaiketaren aurretik.
Zer uste duzue gertatuko dela epaiketan?
Berak egozten digu eraso egin geniola, baina uste dugu errugabetzat joko gaituztela, guk ez baikenion inolaz ere eraso. Hala ere, helburua ez da soilik juridikoa: pertsona horrek sortu dituen kalte guztiak –ez soilik guri– ordaintzea da gure helburua, kalte moralak, materialak eta ekonomikoak. Fadi Hassanek egindakoa ikusgarri egitea eta ikuspegi politikotik salatzea, horixe gure kalte-ordaina.