"Instituzioek eta agintariek hartu dituzten erabakiek eta neurriek indarkeria matxista itzalean utzi dute"
Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna dela eta, manifestazioa antolatu dute mugimendu feministek. Azaroaren 25a desberdina izango da, baina mobilizazioak oso beharrezkoak direla nabarmendu dute Donostiako Asanblada Feministatik. Besteak beste, pandemia garaian ere, indarkeria matxista pairatzen duten emakumeen eta haurren egoera dela eta.
Nolakoa izango da pandemia garaiko Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna?
Desberdina izango da. Aurreko urteetan azaroaren 25aren bueltan egitarau zabalagoa antolatu izan badugu ere, aurtengoan Donostian mobilizazio bakarra antolatu dugu. Egoera zaila izan arren, ez mobilizatzea ez zen aukera bat. Izan ere, kalera ateratzeko arrazoirik ez zaigu falta. Indarkeria matxistak hor jarraitzen du.
Manifestazioak ez du aurreko urteetakoen itxurarik izango. Elkarren arteko zaintza eta segurtasuna lehenetsiko dugu, distantziak mantendu beharko ditugu eta hiru ilaratan joaten ahaleginduko gara. Maskara une oro eramatea ere derrigorrezkoa izango da. Ilarak antolatzeko eta jende pilaketak saihesteko, kide feministak arituko dira antolakuntza lanetan.
Normaltasunak hiltzen gaitu, indarkeria matxistaren aurrean antolatu eta borrokatu leloa aukeratu duzue. Zergatik lelo hori?
Urteak daramatzagu sistema kapitalista heteropatriarkal honi eta bere konplizeei nahikoa dela esaten, hitzez eta ekintzez. COVID-19a sistema kapitalista, neoliberal, matxista eta heteropatriarkala indartzeko aukera gisa baliatu dute, sistemak berak iraunarazteko beharrezkoak dituen egiturazko indarkeria guztiak elikatzen jarraituz. Egitura horiek indarkeria matxista betikotzen dute.
Egungo egoeran, adibidez, ikusi besterik ez dago kaleko presentzia poliziala: estatuak gure gorputz, kolektibo, herri eta lurraldeen aurkako biolentzia legitimatuz sistemaren boterea eta inpunitatea babestea bilatzen du. Honela, abiada bizian urratu dizkigute gure oinarrizko eskubideak. Kolokan jartzen ari dira milaka emakume langile eta feministok urte askotan egindako borrokaz lortutako eskubideak. Aurtengo leloan diogun bezala, normak hiltzen gaitu: normaltasun zaharrak hiltzen gintuen eta ezartzen ari diren normaltasun berriak ere hiltzen gaitu.
Oro har, etxean denbora gehiago igaro behar dugu. Nola eragiten dio horrek indarkeria matxistari?
Itxialdia martxoan hasi zenetik, modu ezberdinetan eragin dio indarkeria matxistari. Alde batetik, etxetik atera ezin ginen hilabeteetan, milaka emakume beraien erasotzaileekin giltzapetu dituzte, emakume horiek are egoera zaurgarriagoan utziz. Euskal Herrian ere izan ditugu halako kasuak. Horregatik, itxialdian zenbait mobilizazio egin ditugu balkoietatik.
Ezin dugu ahaztu haurrenganako biolentzia sexuala ere areagotu egin dela. Itxialdiak haurrak euren erasotzaileekin giltzapetu ditu, babesgabe utziz. Horrekin lotuta, gogora ekarri nahi dugu aurreko astean Haurren Sexu Abusu eta Tratu Txarren Prebentziorako Nazioarteko Eguna izan zela. #eznaizisilduko traolarekin, gai hau mahai gainean ipini zen eta aurrera begira ere gai hori lantzen jarraitzeko aldarria egin zen.
Bestetik, indarkeria matxistari aurre egiteko baliabide publikoetan murrizketa nabarmenak jasan ditugu. Horren adibide ditugu Donostiako berdintasun sailean eman diren murrizketak, adibidez. Gainera, ezin aipatu gabe utzi itxialdian Emakumeen Etxea modu presentzialean hilabete luzez itxita egon zela eta zuzeneko arretarik gabe.
Pandemiak indarkeria matxista itzalean utzi du?
Bai. Izan ere, pandemiaren ondorioz, instituzioek eta agintariek hartu dituzten erabakiek eta neurriek indarkeria matxista itzalean utzi dute. Hau da, alarma egoeran, COVID-19a soilik egon da mahai gainean, bestelako gai zehatz batzuk alboratuz (indarkeria matxista, gai sozialak…). Gainera, esan beharra dugu COVID-19ak indarkeria matxista zuzenean gurutzatzen duela. Beraz, ezin dugu ulertu nola utzi den itzalpean gai hau. Horrekin batera, hedabideetan COVID-19aren datuak eta informazioak eskaini dizkigute eta eskaintzen dizkigute une oro, eta horrek ere eragiten du aipatutako bestelako gai horiek itzalpean uztea.
Une honetan, aurrez aurreko arreta ere gutxiagotu da hainbat esparrutan. Horrek eragina izan du indarkeria jasan duten emakumeak artatzeko garaian? Erakundeei dagokienez, adibidez.
Bai. Esan bezala, Emakumeen Etxea hilabete luzez egon zen itxita eta horrek eragina izan zuen arreta behar zuten emakumeengan. Egun ere, eragina izaten jarraitzen du. Hilabete luzez zuzeneko arreta zerbitzua galarazita egon zen, eta hasiera horretan zailtasun ugari izan ziren emakume guztiak artatzeko. Gainera, emakume askok ez zuten ez baliabiderik ez modurik online bidez zerbitzu horiekin harremanetan jartzeko. Era berean, erasotzailearekin giltzapetuta zeudenez, ez zuten momenturik halako zerbitzuekin harremanetan jartzeko.
Azken hilabeteetan online bidezko eta telefono bidezko zerbitzuek ikaragarri egin dute gora, aurrez aurrekoa jasotzea oraindik ez baita hain erraza. Hala ere, sumatzen dugu falta dela bi zerbitzu horiek kalitatezkoak izatea, eta horretarako baliabideak ematea exijitzen dugu. Horrekin lotuta, momentu egokia da Donostiako Emakumeen Etxeak espazio handiago bat behar duela aldarrikatzeko. Udal Gobernuak hori bere lehentasunen artean jarri behar du.
Atzo goizean izan genuen azkeneko eraso matxistaren berri, Donostian bertan…
Ez da salbuespenezko eraso bat izan, ez da kasualitatea. Indarkeria matxistak ez du etenik izan, eta egunero gure gorputzetan pairatzen jarraitzen dugu. Donostian gertatutako erasoa ere horren adibide dugu. Honekin lotuta, ezin dugu aipatu gabe utzi aurten Euskal Herrian bi emakume izan direla erailak, eta Donostian ere salaketa ugari jarri direla indarkeria matxistarekin lotuta. Salatu gabe gelditu direnak ere ugariak izan dira.
Nola bizi duzue egoera guzti hau Donostiako Asanblada Feministan?
Gogor eragin dugu, beste mugimendu askori bezala, imajinatzen dugu. Itxialdian online elkartu baginen ere, eta gauza ezberdinak egin bagenituen ere, maiatzetik aurrera biltzeari utzi genion eta asanbladak indarra galdu zuen. Itxialdiak martxoaren zortzian indarrak batu eta gero harrapatu gintuen, eta bertan bildutako indarrak pixka bat lausotuta gelditu ziren. Martxoaren 8aren ondoren beti izaten da beherakada bat, baina aurten, gero ere, ez dugu berriro martxa handirik hartu, Donostiako Asanblada Feministari dagokionez. Auzoetan talde batzuk martxan jarraitu dute berdin-berdin, antolatzen eta lanean. Hala ere, azaroaren 25a pasatakoan, Donostiako Asanblada Feministaren inguruko hasunarketa saio bat egiteko asmoa dugu, asanbladaren funtzioen inguruan hausnartzeko eta Donostiako Mugimendu Feminista hauspotzeko asmoz.
Nola moldatu zarete aurtengo mobilizazioa antolatzeko?
Ez da erraza izan. Aurreko galderan aipatu bezala, ekainetik urriaren amaiera arte apenas elkartu gara eta ez dugu asanbladarik egin. Baina azaroaren 25a gerturatzen ari zela ikusita, asanblada berriz martxan jartzea erabaki genuen. Azaroaren 25ari begira, hiru asanblada egin ditugu eta haietan antolatu dugu dena: egin beharrekoak, ardura banaketak, eta abar. Asko ez gara bildu, baina badakigu ez ditugula egoera errazak bizi antolatzeko eta mobilizatzeko. Horrek ere antolaketan eragina izan duela uste dugu.
Non eta zein ordutan izango da manifestazioa?
Manifestazioa 18:30ean izango da, eta Alderdi Ederren hasi eta bukatuko da. Gainerako Euskal Herriko hiriburetan ere manifestazioak egingo dituzte arratsaldean, eta beste zenbait herri eta auzoetan ere mobilizazioak egongo dira. Beraz, dei egiten dugu Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioetan parte hartzera.