Bukatu da Jagoba Codo preso donostiarraren zigorra
Jagoba Codo preso donostiarraren zigorra guztiz bukatu zen astelehenean, hilaren 23an, 19 urte preso izan ondoren. Codok baldintzapean aske zeraman uztailetik (orduan bete zituen 19 urte kartzelan), eta Espainiako Auzitegi Nazionalak urriaren 5ean onartu zuen azaroaren 23an zigorra bukatutzat ematea. 2017ko martxora arte Castelloko kartzelan lehen graduan egon zen Amarako preso ohia, eta 2018aren amaieran Logroñoko kartzelara hurbildu zuten. Uztailean, baldintzapeko askatasuna eman ziotenean, Martuteneko espetxean zegoen, hirugarren graduan.
Codoren kasuak zeresan handia eman du azken urteotan, preso gaixoen kolektiboan egon baita, espondilitis ankilosante izeneko gaixotasun erreumatikoa daukalako; ingurukoek eta hainbat gizarte eragilek aspalditik salatu dute Codoren egoera okerrera egiten ari zela espetxean. Gaixotasuna dela eta, gradua arintzeko baldintza guztiak betetzen zituen, baina bere kasua geldirik izan zen hainbat urtez. Codo 2001eko apirilean estraditatu zuten Mexikotik, eta ETAko kide izatea egotzita sartu zuten kartzelan. Zigorra osorik bete du.