Eguzkik salatu du udala "utzikeriaz" jokatzen ari dela Oriako Itxian dauden hondakinekin
Eguzki Erakunde Ekologistak salatu du Oriako Itxian hondakinak legez kanpo utzita daudela, eta Donostiako Udala “utzikeriaz” jokatzen ari dela hondakin horiekiko. Lasarteko Oria auzotik gertu dago Oriako Itxia, baina Donostiako udalerriaren parte da, eta Eguzkik azaldu du hondakinen presentziaren berri eman ziola udalari abuztuan: “Irailean, udalak erantzun zuen hondakinak lursail pribatu batean daudela, eta ondorioz, lurjabeak direla (antza denez, Allerruko gasolindegia) hondakinen ardura dutenak”.
Ekologistek deritzote “logikoa” dela ardura lursailaren jabeena izatea, baina hondakinek modu ilegalean hor jarraitzen dutela salatu dute. Azaldu dutenez, irailean udalari galdetu zioten ea jabeei hondakinak kentzeko eskakizuna egin dien, eta honako erantzuna jaso dute udalaren partetik: “Zonaldea ez da udaleko jabetza, horregatik, ez da udal honetako kale garbiketa eta hondakien kontratuetan agertzen”.
Horrela, Eguzkik ondorioztatu du udalak ez duela hondakinak kentzeko eskakizuna egin, eta, beraz, “utzikeriaz” jokatzen ari dela deritzo: “Hondakinen Legeak espresuki debekatzen du “edozein motatako hondakinak kontrolik gabe abandonatzea, isurtzea edo ezabatzea”, eta nahiko argi uzten du eskumena, Oriako Itxiko bezalako kasuetan, tokiko erakundeena dela, udal eta mankomunitateena, alegia. Donostiako Hiri Hondakinak Biltzeko Udal Ordenantzak ere ez du onartzen hondakinak edonon eta edonola uztea, jakina”. Horregatik, talde ekologistak azpimarratu du udalak jabeak behartu behar dituela hondakinak hortik kentzera: “Udalak ez luke horregatik beste aldera begiratu beharko; izan ere, hondakin horiek Alderdi Ederren bertan baleude bezain legez kanpokoak dira”.