Kaxilda liburu dendako kideen aldeko elkarretaratze internazionalistara deitu dute
Kaxilda liburu dendak, Biladi Palestinaren aldeko elkartasunerako elkarteak eta Askapenak elkarretaratze internazionalista antolatu dute astelehenerako, hilaren 30erako, Donostiako Epaitegiaren aurrean, 11:15ean. Izan ere, Kaxildako bi kide, hirugarren pertsona batekin batera, epaituak izango dira astelehenean, Fadi Hassan palestinar sionistarekin iaz izandako liskar batengatik. Kaxildakoek Hassan ere salatu zuten, beraz, bera ere epaitua izango da.
Antolatzaileek sare sozialetan azaldu dutenez, auziperatuei babesa helarazteaz gain, “Euskal Herrian, Espainiako Estatuan eta mundu osoan Palestinako herriarekin elkartasunezko ekintza politikoak antolatzen dituzten pertsona zein kolektiboak pairatzen ari diren erasoak salatzea” da helburua. Salatu dute “norbanako zein elkarte sionisten eta faxisten” jokaera sistematikoa dela jazarpen fisikoa, hitzezkoa, judiziala eta ekonomikoa. Nabarmendu dute horren erakusgarri dela Kaxildakoen auziperatzea, “Palestinarekiko elkartasun oro erasotzen duen sionista eta Voxeko kide baten salaketaren ondorioz” epaituak izango direlako. “Gustatu ala ez; atzo, gaur eta beti internazionalismoaren praktika politikoa defendituko dugu. Eta elkartasun antifaxista ito eta zigortu nahi dutenak salatzen jarraituko dugula irmo adierazi nahi dugu”, gaineratu dute Kaxildakoek.
Fadi Hassan eta Kaxilda
Fadi Hassanek 2015ean izan zuen lehenengo liskarra Kaxilda liburu dendako arduradunekin, Palestinako herriaren aldeko elkartasuna sustatzeko jarduera bat boikotatzera joan zenean. Liburu dendakoek ez zioten sartzen utzi, eta Hassanek salatu egin zituen. Epaiketa 2016an izan zen, baina artxibatu egin zuten.
2019an, Gipuzkoa plazako Liburu Azokan, Palestinarekiko beste elkartasun jarduera batean, beste liskar bat izan zuten Hassanek eta Kaxildakoek. Kasu horretan, elkar salatu zuten, eta epaiketa astelehenean da. Hedabide honek Esteban Zamora Godoy Kaxildako arduraduna elkarrizketatu du, gatazkaren nondik norakoak ezagutzeko. Azaldu duenez, gerora jakin dute Hassan, sionista izateaz gain, Voxeko kidea dela, eta askotariko gatazkak izan dituela elkartasun internazionalista bultzatzen duten hainbat elkarte eta norbanakorekin.