Maskarek ez dute isildu indarkeria matxistaren kontrako oihua
Jende ugarik hartu du parte pandemia garaiko A25eko manifestazioan. Ertzaintzak bi pertsona identifikatu ditu autobus geltoki batera igotzeagatik, eta manifestariek elkartasuna adierazi dute identifikatutako pertsonekin.
Lehenik, bi mobilizazio izan dira Bulebarrean, bata Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak deituta, eta bestea Donostiako Neska* Gazte Ikasle Blokeak antolatuta. Manifestazioa, berriz, 18:30ean abiatu da, Alderdi Ederretik, Normaltasunak hiltzen gaitu, indarkeria matxistaren aurrean antolatu eta borrokatu lelopean . “Gora borroka feminista!”, oihukatu dute. Hernani kaletik, Askatasunaren Hiribidera iritsi da, eta Argentinar Errepublikako kalea zeharkatu dute. “Kalea, gaua, geureak dira!”, entzuten zen. Viktoria Eugenia Antzokitik igarotzean, Batukadak hartu ditu. Handik, Bulebarretik pasa eta Alderdi Ederrera itzuli dira, adierazpena irakurtzeko. Tartean, oihu gehiago, txaloak eta hainbat aldarrikapen ekintza.
Adierazpena irakurtzen ari zirela, diskurtsoa eten dute, Ertzaintza bi pertsona identifikatzen ari zelako Bulebarreko kioskotik gertu. Mugimendu Feministatik IRUTXULOKO HITZAri azaldu diotenez, manifestazioa Bulebarretik igarotzen ari zela, Donostiako Neska* Gazteek aldarrikapen ekintza egin dute, eta bi pertsona autobus geltoki batera igo dira. Jaisten ari zirela, Ertzaintza gerturatu zaie, esanez baimenik ez zutela horrelakorik egiteko. Mugimendu feministako kideek erantzukizun kolektiboa zela azpimarratu diote Ertzaintzari, baina azkenean neskak identifikatu egin dituzte. Ertzaintzatik esan dutenez, ez da ezer gertatuko identifikatutako pertsonekin, baina legez egin behar dutela adierazi diete mugimendu feministako kideei. “Hau mugimenduaren ardura izango da, eta guztion artean erantzungo dugu”, esan dute mugimendu feministatik.
Gertatzen ari zena entzutean, Alderdi Ederren bildutako jende ugari korrika gerturatu da identifikatutako kideei elkartasuna adieraztera. Txistuak entzun dira, baita polizien kontrako hainbat mezuak ere. Txalo zaparrada ostean, Alderdi Ederrera itzuli dira, eta aldarrikapen adierazpenarekin aurrera egin dute.
Donostiako mugimendu feministetako adierazpenaz gain, Saharauiar Gazteria Aktiboko kide batek Mendebaldeko Saharako emakumeen eta saharaui guztien egoera salatzeko manifestua ere irakurri du. Mobilizazioa kantuan eta txaloka amaitu dute.
Mobilizazioak, iruditan
A25eko manifestu osoa
Begi bistakoa da aurreko urteko azaroaren 25etik gauzak ikaragarri aldatu direla, ez baitzuen inork espero COVID-19ak mundu mailan eragin duen egoera honetan egongo ginenik.
Aurtengoan, Emakumeen kontrako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna modu eta baldintza ezberdinetan bizi dugu, baina urteroko arrazoi berdinak eta gehiago ditugu gaurkoan kalera ateratzeko, jasaten ditugun indarkeria guztiak salatzeko. Maskarek ez dute gure ahotsa isilaraziko. Izan ere, aurtengo leloan diogun bezala, normak hiltzen gaitu: normaltasun zaharrak hiltzen gintuen eta ezartzen ari diren normaltasun berriak ere hiltzen gaitu.
Aurten bi emakume erail dituzte Euskal Herrian, eta milaka mundu osoan. Aste honetan ere, Donostian emakume batek labanaz egindako eraso bat pairatu du. Emakume horiengatik ere, elkartu gara hemen gaurkoan. Aski da! Erasorik ez, erantzunik gabe!
Urteak daramazkigu sistema Kapitalista Heteropatriarkal honi eta bere konplizeei nahikoa da esaten, hitzez eta ekintzez. Covid-19a sistema kapitalista, neoliberal, matxista eta heteropatriarkala indartzeko aukera gisa baliatu dute, sistema bera iraunarazteko beharrezkoak dituen egiturazko indarkeria guztiak elikatzen jarraituz. Ikusi besterik ez dago kaleko presentzia poliziala: estatuak gure gorputz, kolektibo, herri eta lurraldeen aurkako biolentzia legitimatuz sistemaren boterea eta inpunitatea babestea bilatzen du. Honela, abiada bizian urratu dizkigute gure oinarrizko eskubideak. Urte askoan zehar milaka emakume langile eta feministok egindako borrokaz lortutako eskubideak kolokan jartzen ari dira.
Urraketa horiek zuzenki lotu ditzakegu zerbitu publikoetan iragarri dituzten murrizketekin eta hainbat arlotan jada egin dituzten murrizketekin. Gaurko egunean ezin aipatu gabe utzi, Donostiako Udal Gobernua, EAJ eta PSE, berdintasun sailean egiten ari den murrizketak. Hori onartezina da. Are gehiago, itxialdiak etxe barruan emakumeek jasaten duten indarkeria areagotu duenean eta bitartean Donostiako Emakumeen Etxean ia bi hilabetez arreta zerbitzua etenda egon izana emakumeak babesik gabe utziz. Egun ere, murrizketa horiek ikaragarrizko eragina izaten ari dira egunerokotasunean. Ekintza ugari egiteko espazio falta, baliabideak murriztea, eta abar.
Horrekin lotuta, beharrezkoa da sistema publikoa inoiz baino gehiago defendatu behar dugun garai hauetan, zerbitzu publikoetan ematen ari diren murrizketak eta pribatizazioa salatzea. Ez da kasualitatea pribatizazio hori gehienetan, sektore feminizatuetan gertatzea: aspaldi ikasi genuen pribatizazioak prekarietatea areagotzen duela, emakumeon egoera are gehiago okertuz, eta ongi ikasi ere, sistema ustel honek etekin handiena zaintza lanak eremu pribatuan eta emakumeon gainean utziz ateratzen duela. Haserre eta nazkatuta gaude, zerbitzu hauek baitira gure bizitzak sostengatzeko funtsezkoak direnak.
Gaur, sektore askotako milaka emakume azpikontratazio, pribatizazio eta prekarietatearen aurka, eta lan duinaren alde borrokan ari dira: erresidentzietako langileak, eskoletako jangeletako langileak, unibertsitateetako garbitzaileak… Aupa zuek! Ez zaudete bakarrik! Eredu zarete!
Beraz, inoiz baino ozenago zerbitzu publikoak defenda ditzagun! Defenda dezagun lan duina! Gora emakume langileen borrokak!
Neska* gazteok ere, aipatutako indarkeria guzti horiek gure azal eta gorputzetan bizi ditugu; lan prekarioak, indarkeria poliziala, saretzeko eta mobilizatzeko zailtasunak… Baina ez dugu etsiko, dena baitugu irabazteko!
Gaurko lan prekarioak (eta emakumeok urteetan egindako zaintza lan ikusezinak), biharko pentsio miserableak, duin bizitzeko haina ematen ez dutenak.
Etxeko langile egoiliarrak ere antolatzen eta borrokatzen ari dira, ez baita kasualitatea egoera horretan gehiengoa emakume arrazializatuak eta migratuak izatea: XXI.mendeko esklabutza. Lanaldi amaigabeak, baldintza kaxkarrak, soldata baxuak, kontraturik gabeak….itxialdiak are egoera larriagoan utzi du kolektibo hau. Atzerritartasun legeak egoerarekin zer ikusi zuzena du eta ozen diogu atzerritartasun legea eta etxeko langile egoiliarren lana abolitu behar dela!
Etxebizitza eskubide bat baino negozioa dela agerikoa da, etxe kaleratzeak sistematikoak bilakatuz. Nola da posible etxean egotera behartuta egon garen garaietan jendea etxerik gabe uztea edota etxerik gabekoei alternatibarik ez bilatzea. Kontu jakina da lehendik ere egoera hau existitzen zela, baina beste arloetan bezala, egoera horiek are modu gordinagoan bistaratu dira. Kasu honetan ere, emakumeek kalte bikoitza jasaten dute.
Horrekin lotuta aipamen bat egin nahiko genioke duela gutxi desalojatu zuten Infernuari. 60 pertsona inguru kalean utziz. Udalaren operazio poliziala eta jarrera arrazista salatzen dugu. Inor ez da ilegala! Inor ez etxerik gabe!
Horra Donostiako hiri eredu neoliberalaren beste adibideetako bat. Udala kapitala lehenesten ari da bizitzaren ordez, eta Infernuko kideek esan bezala, zuen hiria ez da izango ipurtzulorik gabea! Duintasuna soberan dugu!
Egun honetan ezin aipatu gabe utzi gainera, Donostian azken hilabeteetan jasan dugun beste eraso bat: Askabide klinikaren parean egun ugaritan talde ultra katoliko batek egindako elkarretaratze antiabortistaz ari gara. Gure gorputza gure erabakia da eta ez dugu halako erasorik onartzen! Halako erasoen aurrean antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu. Behar den guztietan oihukatuko dugu: gure gorputza, gure erabakia!
Amaitzeko eta aurtengo leloari erreferentzia eginez, garai zailak bizi ditugu antolatzeko eta borrokatzeko, baina inoiz baino beharrezkoa dugu aurreko urteetan pilatutako indarrari eustea.
Modu seguruan biltzea eta antolatzea posiblea da. Sor ditzagun antolatzeko eta mobilizatzeko modu berriak,jarrai dezagun alternatibak sortzen. Ez diezaiogun saretzeari utzi.
Itxialdian erakutsi genuen posiblea dela bizitza eta zaintza erdigunean jarriko dituzten alternatibak sortzea. Horren adibide ditugu Donostian auzo gehienetan eta Euskal Herriko ia herri guztietan sortutako zaintza sareak. Ehunka pertsona aritu ginen sare horietan lanean eta mugimendu feministako kideak ere ezinbestekoak izan ginen horretan. Jarrai dezagun halako egitasmoak sortzen eta sortutako sare horiek baliatzen.
Orain, gaurko irakurketarekin amaitzeko. Ezin dugu ahaztu Sahara mendebaldean gertatzen ari dena. Beraiei eman diezaiegun hitza [Saharauiar Gazteria Aktiboa erakundeko kide batek manifestua irakurri du, Mendebaldeko Saharako emakumeen eta oro har saharauien egoera salatzeko]
Normaltasunak hiltzen gaituelako, indarkeria matxistaren aurrean antolatu eta borrokatu!