Nogen talde donostiarrak 'Under Alt' diskoa argitaratu du
Nogen pop-folk talde donostiarrak bere bigarren diskoa argitaratu du plataforma digitaletan: Under Alt. Danieraz, denaren azpian esan nahi du under-alt terminoak (taldearen izena ere danieraz da), eta horregatik aukeratu dute izen hori, euren arabera, diskoa azal azpian gordetzen dituzten bizipenen bilduma delako. Lan berria argitaratu aurretik, bi single argitaratu zituzten Nogenekoek: Mila aldiz eta Zeri begira hartu nahi duzu lo?.
Diskoa formatu fisikoan eskuratzeko aukera ere izango da, Donostiako Naiz gunean (Zurriola etorbidea, 6) izango baitira Olatz Cuevas (baxua), Jokin Gilisagasti (bateria eta ahotsa), Markel Idigoras (ukelelea eta ahotsa), Alex Irazusta (gitarra eta ahotsa), eta Eider Saez (ahotsa) taldekideak asteburuan, hilaren 27tik 29ra. Diskoa eta taldearen material berria erosteko aukera izango da, baina segurtasun neurriak bermatzeko, izena eman beharra dago, taldearen webgunean.