Ostiralean piztuko dituzte Gabonetako argiak
Koronabirusaren biktimak omentzeko eskultura handi bat jarriko dute Santa Katalina plazan. Plazan bertan, eta Frantzia Pasealekuan, Gabonetako azoka izango da abenduaren 11tik aurrera. Gainera, aurten, azoka birtuala ere jarriko dute martxan.
Hilabete inguru geratzen da gabonak hasteko, baina ostiraletik aurrera, gabonetako argiak piztuta izango dira. 2019ko datuekin erkatuz, kale kopuru berbera eta argi kopuru berbera izango da: 567 argiztapen-elementuk 103 kale argiz beteko dute. Hala ere, pandemiaren ondorioak pairatu eta pairatzen dituztenak omentzeko eskultura bat jarriko dute Santa Katalina plazan. Zehazki, Iñigo Aristegi eskultore donostiarrak argiekin sortutako Besarkada izango da, 7 metroko altuera eta 800 kiloko pisua duena. “Elkartasunezko besarkada helaraziko digu”, nabarmendu du Marisol Garmendia Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak.
Argiak pizteko ekitaldia ostiralean bertan, azaroaren 27an, 18:00etan hasiko da, eta streaming bitartez jarraitu ahalko da, Donostiako Udaleko eta Donostia Sustapeneko Youtubeko kanalean. Era berean, aipatutakoez gain, aurten indar berezia eman nahi izan dio Donostiako Udalak Parte Zaharrari, “merkataritza- eta ostalaritza-hutsunea” eta bisitarien beherakada dela eta. Horregatik, Donostia Shopssekin lankidetzan, Kale Nagusiko hainbat denda apainduko dituzte. Horrekin batera, sei metroko argi bola bat jarriko dute Konstituzio plazan, ohiko zuhaitzen ondoan. Abenduko zubiaren ostean argiztatuko dute hau.
Azoka, abenduaren 11n
Aurten ere Gabonetako azoka izango da Frantzia Pasealekuan eta Santa Katalina plazan. Abenduaren 11tik aurrera, janaria, arropa, Eguberriko dekorazioa eta bestelakoak erosi ahalko dira. Postu kopuruan ez da aldaketarik izan: pasealekuan 28 postu izango dira, eta plazan, berriz, 7. Dena den, koronabirusari egokitutako zenbait neurri hartuko dituzte. Esaterako, edukiera kontrolatzeko, zenbaketa sentsoreak jarriko dituzte Frantzia Pasealekuko sarbideetan. Sentsoreek zenbat jende dagoen ezagutzea ahalbidetuko dute une oro, eta beharrezkoa denean, sarbidea mugatzea. Horrekin batera, hainbat pantaila jarriko dituzte, bai azoka sarreran, bai hiriko beste hainbat puntutan, azokaren okupazio maila ikusteko. Gainera, sartzeko eta irteteko zirkuitu bat izango da, eta neurriak gogorarazteko hainbat errekurtso erabiliko dituzte, hala nola bozgorailuak eta kartelak.
Bestalde, aurrez aurreko azokaz gain, lehen aldiz azoka birtuala ere izango da. Abenduaren 18an jarriko dute martxan, Gabonetako azokaren webgunean, eta hainbat berezitasun izango ditu. Batetik, aurrez aurreko azokan etxolarik ez duten saltokiek ere erabili ahalko dute plataforma, eta oraindik ere garaiz daude eskaera doan egiteko. Bestetik, azoka birtualean 20 euro baino gehiago uzten dutenek, %30eko deskontua izango dute, nahiz eta bonifikazio hori asko jota 30 eurokoa izango den. 20 euro baino gehiagoko erosketetan, etxez etxeko garraioa doakoa izango da.